Itsasoratu programa, arrantza-sektorearen belaunaldi erreleboa sustatzeko
Eusko Jaurlaritzak Itsasoratu beka programaren edizio berria aurkeztu du, ikasketa fasean dauden gazteei praktikaldiak arrantza-ontzietan egiteko aukera eskaintzeko. Programa Ondarroako Itsas Arrantza Eskolako, Bermeoko Nautika Eskolako eta Pasaiako Blas de Lezo Arrantzako CIFP Nautiko-Arrantzaleko ikasleei zuzenduta dago.
Itsasoratu programaren aurkezpenaIrekia Arrantza-sektorearen zahartzea mundu mailako errealitatea dela aintzat hartu eta, belaunaldi erreleboa sustatu eta prestakuntza edo ikasketa fasean dauden gazteei praktikaldiak arrantza-ontzietan egiteko aukera emateko asmoz, Itsasoratu beka programaren edizio berria ondu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza ta Arrantza Sailak. Programa , Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantza Eskolako, Bermeoko Nautika Eskolako eta Pasaiako Blas de Lezo Arrantzako CIFP Nautiko-Arrantzaleko erdi eta goi mailako zikloak egiten ari diren —eta dagozkien ikasgaiak gainditu dituzten— ikasleei zuzenduta dago.
Gaur gaurkoz, arrantza-industriako ekoizleen %80k baino gehiagok 60 urtetik gora ditu, eta horrenbestez, asko dira urtero urtero jarduera eteten duten profesionalak. Egoera horri gainera, lanbidearen “eskakizun handiak” eta aldez aurreko prestakuntza espezifikoaren beharrak eragiten duen “gazteak erakartzeko zailtasuna” gehitu behar zaiola azpimarratu du Jaurlaritzak.
Horrez gain, lanbidea ikasteko belaunaldian arteko transmizio zuzenean oinarritutako ohiko modua “gaur egun zailagoa” dela zehaztu dute, besteak beste araudiak tripulazioan izena eman gabe dauden pertsonak ontziratzea eragozten duelako. Neurri horrek “funtsezkoa” den ikaskuntza praktikorako aukerak mugatzen dizkie gazteei, arrantza-eremuak, itsas hondoak eta espezien portaera ezagutzeko beharrezkoa den “esperientzia zuzena” ukatuz. Hala, errealitate hori erantzuna emateko programa da Itsasoratu.
Itsasaldi bateko egonaldia.
Programa itsas-arrantzako formakuntza jasotzen ari diren ikasleei zuzenduta dago, eta itsasaldi baten iraupen baliokidea —20 edo 30 egun artekoa— duen egonaldia egiteko aukera eskaintzea du helburu, beti ere Bizkaia, Araba edo Gipuzkoan oinarritutako arrantza-ontzietan. Jaurlaritzatik zehaztu dutenez, praktikaldiak itsasoko lanaren “benetako baldintzak” lehen eskutik ezagutzeko aukera eskaintzen die gazteei, sektorearen lanerako “trantsizioa erraztuz”.
Izan ere, bekaren bitartez ikasleen oinarrizko gastuak estaltzen dira, hala nola, joan-etorriak mantenua, materiala, lan-ekipamendua eta prestakuntza-egonaldiaren lotuta sortu daitezkeen bestelako kostuak. Halaber, programak ikasleen ordainsaria eta Gizarte Segurantzako kotizazioak ere barne hartzen ditu.
Egonaldiak iraun bitartean, programan parte hartzen duten arrantza-enpresak izango dira Bermeoko, Ondarroako edota Pasaiako zentroetatik iritsitako ikasleen tutoretza hartuko dutenak. Era berean, praktikak bukatzeagaz batera azken-ebaluazio txosten bat ere egin beharko dute.
Itsasoratu bezalako ekimenen bidez, Jaurlaritzak arrantza-sektorearen prestakuntzaren, profesionalizazioaren eta gaztetxe-prozesuaren aldeko apustua indartu gura du, “Euskadiko ekonomiaren, enpleguaren eta itsas kulturaren funtsezko jarduera bizirik mantentzen lagunduz”. Leando Azkue Arrantza, Portu eta Itsasertzako sailburuordeak azpimarratu duenez, horrelako ekimenak arrantzaren jarraipena bermatzen dute: “Arrantza gure herriaren nortasunaren eta ekonomiaren parte da. Itsasoratu bezalako programek gazteei esperientzia eskuratzen laguntzeaz gain, ezagutza eta arrantza-jarduerak gure portuetan jarraipena izatea bermatzen dute”.
“Bilakaera positiboa”.
Jaurlaritzatik 2o25eko datuek azaleratzen duten Itsasoratu programaren “bilakaera positiboa” nabarmendu nahi izan dute; izan ere, iaz hamalau izan ziren prestakuntza-egonaldian parte hartu zuten gazteak, aurreko urtean baino hiru ikasle gehiagok. Zehaztu dutenez, Bermeoko Nautika Eskolako 2 ikasle ontziratu ziren, Ondarroako Itsas Arrantza Eskolako bakarra eta Pasaiako prestakuntza-eskolatik, berriz, hamaika: “Datu horiek agerian uzten dute itsas-arrantzako prestakuntza zentroek funtsezko zeregina dutela belaunaldi berriak sektorean txertatzeko ordan”, zehaztu dute.
Modu berean, ekimenean parte hartu duten ontzien jarduera ere handitu egin dela nabarmendu dute: 2025ean hamabi ontzik parte hartu zuten, aurreko urtean izan ziren bederatzien aldean. Ontzi gehienak (6 ontzi) Getarian egon baziren ere, oBermeo, Ondarroa, Pasaia eta Hondarribiako ontziek ere parte hartu zuten, belaunaldi-erreleboan eta biharko itsas profesionalen prestakuntza praktikoan “portu eta flota ezbedinen inplikazioa erakutsiz”.