IX. Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabaldu du Mutrikuko Udalak
Lanak aurkezteko azkenengo eguna martxoaren 22a izango da. Sariak apirilaren 28an banatuko dira Zabiel Kultur Etxean.
Mutrikuko Udalak Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa jarri du martxan bederatzigarrenez. Jada zabalik dago lanak aurkezteko epea, eta parte hartzaileek martxoaren 22ra bitarte izango dute mikroipuinak entregatzeko aukera. Udaletik jakinarazi dutenez “edonork” parte hartu dezake lehiaketan, eta bakoitzak “nahi beste lan” aurkeztu ahal izango ditu.
Gaia librea izango da, eta gehienez, 100 hitzez osatuta egon beharko da mikroipuina. Horrez gain, lanak euskaraz idatziak, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Hala, parte hartu nahi duenak inprimaki bidez entregatu beharko ditu lanak, eta bertan, egilearen datu guztiak jarri beharko dira: nortasun agiria eta goitizena barne. Bidalketan, gainera, idazlanaren fitxategia atxiki beharko da, goitizenez sinatuta.
Epaimahaia Mutrikuko Kultura Batzordeak aukeratuko du, eta hartutako erabakia aldaezina izango da. Horrez gain, aurkeztutako lanen maila ez bada egokia sariak banatu gabe gera litezkeela azaldu dute antolatzaileek. Mutrikuko Udalak, gainera, beretzat gordeko ditu saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, beti ere, egileen izenak aipatuta.
Sariei dagokienez, hiru banatuko dira. 18 urtetik gorako lanik onenak 500 euro irabaziko ditu, mutrikuarren arteko lan onenak 200 euro, eta gazteen arteko -18 urtetik beherakoak- lan onenak, berriz, 200 euro. Hala, sari banaketa apirilaren 28an egingo da, Zabiel Kultur Etxean.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lehiaketan parte hartzeko aipatutako oinarriak onartu beharko dira.