Kalamuko tontorra izango da berriro erronka XIV. Igoeran
Gaurtik otsailaren 27ra arte eman daiteke izena eta jardunaldiak lasterketa, hamaiketakoa eta sari banaketa uztartuko ditu Olaia tabernaren parean.
XIV. Kalamuko Igoera martxan da dagoeneko, eta otsailaren 28an jakingo da nor iristen den lehenengo Kalamuko tontorrera. Antolatzaileek jakinarazi dute gaurtik otsailaren 27ra arte egongo dela izen ematea zabalik, kirolprobak webgunean, 15 euroko prezioan.
Lasterketaren egunean, 09:15ean elkartuko dira parte-hartzaileak eta oinezkoak Olaia tabernan parean. Dortsalak 09:15etik 09:45era banatuko dira. Oinezkoek mendirako bidea lehenago hartuko dute, nahiz eta ez diren parte-hartzailetzat hartuko eta ez duten ordainketarik egin beharko.
Lasterketako irteera 10:30ean izango da. Parte-hartzaileek tontorrera iritsi ondoren herrira jaitsiko dira, eta 11:30etik 13:30era bitartean kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera izango dute.
Behin guztiak aldatu ondoren, Olaia tabernan parean hamaiketakoa eta sari banaketa egingo dira.