Tripulazioko zazpi kide erreskatatuta, noraezean dago Itoiz itsasontzia
Hainbat urtez arrantza-portua Ondarroan eduki duen arren, duela zenbait arrantza-kanpainatatik Coruñako Muxia portuan amarratzen dute Itoiz. Tripulazioko kideen erreskatea astelehen [otsailak 9] goizean eroan zuten aurrera. Gaur gaurkoz, itsasontziak noraezean jarraitzen du.
Astelehenean [otsailak 9] Itoiz itsasontziko tripulazioko zazpi kide erreskatatu zituzten Coruñako kostaldean, eta gaur gaurkoz, noraezean doa itsasontzia Xixon aldera. Izan ere, Itsas Salbamentuko ordezkariek adierazi dutenez, eguraldi txarraren eraginez ezin izan dute itsasontzira bertaratu. Itoiz itsasontziak hainbat urtez Ondarroako kaia izan du arrantza-portutzat, baina duela zenbait urtetatik Muxiako (Coruña) kaitik aritzen da; Javier Sar Romero Muxiako alkatea da itsasontziaren jabea eta armadorea, eta erreskatatutako kide denak galiziarrak dira.
Europa Press albiste agentziak gaur [otsailak 11] goizean jakitera eman dutenez, Lugoko Ribadeo udalerritik 44 milia iparraldera dago ontzia. Halaber, operatiboa orain arte Fisterrako Koordinazio Zentroak kudeatu duen arren, hemendik aurrera Gijongoaren esku geratuko litzateke.

Argazkia: Itsas Salbamendua.
Eguraldi txarraren eraginez, alerta naranja aktibatu zuten atzo [otsailak 10] Coruñako eta Lugoko kostaldean, eta ondorioz, larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ontzira bertaratu. Gaineratu dutenez, datozen ordu eta egunetan ez dute eguraldia hobetzerik espero: “Muturreko meteorologia fenomenoak edukiko ditugu datozen 72 orduetan: alerta laranja, itsaso zakarra 5 eta 6 metroko olatuekin eta haize zakarra”. Horren aurrean, bi aukera mahaigaineratu dituzte Itsas Salbamenduko ordezkariek: arrantza ontzia dagoen tokian hondoratzea edo Kantauri aldera desbideratzen jarraitzea.
Kalteak arintzeko asmoz, Itsas Salbamenduak irrati abisu nabigatzaileak aktibatu ditu, Itoiz ontziak noraezean jarraitzen duen bitartean beste ontzi batzuen nabigazioaren segurtasunari eragin ez diezaion.
Era berean, itsasoko segurtasun sailak atzo [otsailak 10] eskatu zion armadoreari ontzia berreskuratu ahal izateko salbamendu plana aurkezteko, baina oraingoz ez dute inolako esku hartzerik egin.