Quincoces Gozotegiko langileek soldatak ordaintzeko exijitu diete enpresaren jabeei
Quincoces Gozotegiko langileak greba mugagabean daude abenduaren 10etik, eta gaur [otsailak 12] Iurretan elkartu dira enpresaren jabeei soldatak ordaintzeko exijitzeko: "Zor dizkiguten hainbat nominen ordainketa exijitzeko elkartu gara".
Quincocees Gozotegiko langileak gaur [otsailak 12] Iurretan egin duten elkarretaratzean.LAB Sindikatua Mendexako Quincoces gozotegiko langileak greba mugagabean daude abenduaren 10etik, eta gaur [otsailak 12] elkarretaratzea egin dute Iurretan, zor dizkieten hainbat nominen ordainketa exijitzeko asmoz: “Quincoces Gozotegia erosi zuten pertsona berdinak Durangaldeko hainbat enpresetako bazkide dira, eta hauetako batean egin dugu elkarretaratzea gaur. Iurretako Arriandi poligonoan dagoen Iria Tabernan elkartu gara”.
LAB Sindikatuko ordezkariek eta Quincoceseko langileek adierazi dutenez, enpresaren egungo jabeek 2021ean erosi zuten Mendexako Quincoces Gozotegia, eta ordutik “dena arazoak” izan direla salatu dute beste behin. 2023tik soldatak kobratzeko arazoekin ibili dira, eta iaz hainbat greba egun deitu ostean, abenduaren 10etik greba mugagabean daude.
Gaur egun, hainbat hilabetetako nominak zor dizkiete: “2021ean Quincoces Gozotegia erosi zuten egungo jabeek, eta ordutik, dena izan dira arazoak: nominak kobratzeko arazoak, gezurrak eta bete ez dituzten promesak. Gaur egun, hainbat hilabetetako nominak zor dizkigute. Abenduaren 10etik ez dute telefonorik hartzen eta ezta mezurik erantzuten ere, eta enpresa hartzekodunen konkurtsorako bidean da. Greba mugagabearen deialdia egin genuenean enpresa hartzekodunen konkurtsoa prestatzen ari zela esan ziguten, eta ordutik horren zain gaude. Gaur, bi hilabetez telefonorik hartu barik egon ostean, 10 minutura agertu zaigu jabea”.
Soldatak ordaintzeko exijitzeaz gain, lanik gabe eta parorako eskubiderik gabe daudela salatu dute langileek. Era berean, gaineratu dutenez, enpresako obradorea itxita dago, izan ere, negozioaren jabeek hainbat hilabetetan alokairua ez dutenez ordaindu, lokalaren jabeak sarraila aldatu du.