Itzulia Basque Country Lea-Artibai eta Mutrikutik igaroko da
Itzulia Basque Country lasterketaren bosgarren etapak Lea-Artibai eta Mutriku zeharkatuko ditu, apirilaren 10ean.
Apirilaren 6tik 11ra bitartean lehiatuko dute Euskal Herriko txirrindularitza probarik handiena: Itzulia Basque Country. Iaz Gernika-Lumok eta Markina-Xemeinek etapa bukaera bana hartu baldin bazuten, 2026ko ekitaldia ere Busturialdetik zein Lea-Artibai eta Mutrikutik igaroko da. Hurrenez hurren, laugarren eta bosgarren etapetan pasatuko dira ziklistak eskualdeotatik, alegia, apirilaren 9an eta 10ean.
Aurtengo aldiak Bilbo eta Bergara lotuko ditu. Parte hartzaileek, sei etapatan, 809,6 kilometrori aurre egin beharko diete, baita 29 mendate puntuagarritan banaturiko 16.154 metroko desnibel metatuari ere. Lehen mailako gainak lau izango dira; bigarren mailakoak, zazpi; hirugarrenekoak, hemezortzi. Lehen etapa Bilbon hasi eta bukatuko den bakarkako erlojupekoa izango da. Bigarrenak Iruñetik Mendukilo Kobazulorako bidea egingo du. Hirugarren etapak Basaurin izango ditu irteera zein helmuga, eta laugarrenak, berriz, Galdakaon.
Lasterketaren laugarren egun horretan murgilduko dira txirrindulariak Busturialdean. Hain zuzen ere, Aretxabalgane mendatea igo ostean, Morgara iritsiko dira, eta, Gerekizen barrena, Muxikara jaitsiko dira, handik Gernika-Lumora jotzeko. Foru, Murueta, Busturia, Sukarrieta eta Mundaka igarota, Bermeora helduko da tropela, eta San Pelaio mendatea igo ostean irtengo da eskualdetik.
Hurrengo egunean, Lea-Artibai eta Mutrikuren txanda izango da, bertatik pasatuko baita koloredun sugea, Eibarren hasiko eta bukatuko den aurtengo etaparik gogorrenean. Debatik iritsiko dira Mutrikura, jarraian Galbaixo mendatea igotzeko. Zenbait kilometro beranduago, Krabelin igota, Etxebarrira eta Markina-Xemeinera joko dute; gainera, ostean ere Etxebarritik pasatuko dira, Urkaregin barrena Elgoibarrera jo beharko baitute. Azken etapa Bergaran hasi eta amaituko da.
Parte hartzaileen behin betiko zerrendarik oraindik ez egonagatik ere, nazioarteko ziklistarik puntakoenetako zenbaitek beren parte hartzea baieztatu dute dagoeneko; Primoz Roglic, Isaac del Toro, Julian Alaphilippe, Mikel Landa, Antonio Tiberi, Cian Uijtdebroeks, Paul Seixas, Matthew Riccitello, Jarno Widar, Thibau Nys , Juan Ayuso, Mattias Skjelmose Jensen, Christian Scaroni edota Ion Izagirre aurreratu dituzte. Etxekoentzako ere galdu ezinezko hitzordua da: Bahrain Victorious etxeko Pello Bilbao gernika-lumotarrarentzat denboraldiaren lehen zatiko jomuga gorena izango da berriro; Euskaltel Euskadiko Txomin Juaristi markina-xemeindarrak eta Burgot Burpellet BHko Ander Okamika lekeitiarrak, ostera, beraien taldeak gonbidatuak izateari itxaron beharko diote, parte hartuko baldin badute.