'Txillarreko Sukaldaria' Berriatura iritsiko da gaur
Gaur [urtarrilak 13], 18:30ean hasita, Berriatuko bideogelan hitzordu berezi askoa izango dute herritarrek: Txillarreko Sukaldaria proiektu transmedia aurkeztuko dute, doako sarreragaz.
Dokumentalak eta liburuak osatzen dute Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek egin duten proiektua, eta biak ala biak aurkezpen agerraldian egongo dira, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. Beraiekin egongo da, gainera, proiektuaren protagonista nagusia: Txillarre baserriko ugazaba Pello Rubio.
Hala ikus-entzunezkoaren, nola liburuaren oinarria dira Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek, besteak beste, Elgoibarko Txillarre baserrian egin zituzten batzarrak. Euskal Herriko gatazkari zelanbaiteko aterabidea eman asmoz, bost urtez bildu ziren isilean Rubioren adiskide bi horiek, eta egileek azaldu modura, elkargune haren ondotik etorri zen bake prozesua.
Pello Rubioren lana, ardatz.
Baina, bi politikariez harago, Rubiok egindako beharrari erreparatu diote Ibaibarriagak eta San Martinek. Rubiok Otegi aurretiaz ezagutzen zuen, baita Elgoibarko alderdi sozialistako kide Pako Egea ere. Bi mundu haiek mahai berberaren inguruan ipintzearen ahaleginak ekar zezakeen emaria ez zuen aurreikusi Rubiok.
Rubiok, hain zuzen ere, lantegian ezagutu zuen Egea, eta militantziatik, ostera, Otegi. Bai batagaz, bai besteagaz hartu-eman handia zuen, eta, urte batzuetara, bi mundu horiek elkartzearen emaitza ein izango zen ikusteko ausardia izan zuen. Egoeraz mintzatzeko bildu ziren estreinakoz, Txilarre baserrian: Elgoibarko industriaz, presoen gaiaz eta bestelakoez mintzatu ziren. Rubiok bien arteko konfiantza lantzean zentratu zituen indarrak, eta gerora etorri ziren beste maila bateko elkarrizketak. Denboraren joanagaz, Egiguren eta Pernando Barrena moduko irudi politikoak ere batu ziren berbaldi klandestino haietara.
Ibaibarriagak eta San Martinek Rubiori hiru orduko elkarrizketa luzea egin zioten, eta behar haren transkripzio zuzena da jorratu duten liburuan jasotzen dena. Behin elkarrizketa grabaturik, kargutu ziren ikus-entzunezko edukia ontzeko bezainbesteko materiala zeukatela. Horrenbestez, Rubiori bere baserriko ortuan edota Elgoibarko kaleetan hartutako irudiekin eta elkarrizketak egindako garaiko argazki historikoekin biribildu zuten dokumentala.
Urtarrilaren hasieran ekin zioten proiektua herriz herri aurkezteko birari, Itziarren. Gerora, Gipuzkoan, Bizkaian zein Nafarroa Garaian plazaratu dute, Berriatura iritsi orduko. Aurkezpen birak, gainera, aurrera egingo du aurrerantzean: hurrengo astean, Ataunen, Elorrion nahiz Baionan egongo dira.