Inauteriak "goi-goitik" ospatzen dabiltza Lea-Artibai eta Mutrikun
Asteburuko ospakizunak pasata, biharkoetan daukaten burua Lea-Artibai eta Mutrikun.
Inauterietan bete-betean sartuta daude Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herritarrak. Asteburuan mozorroak jantzi ondoren, horrela jarraitzeko asmoa dute gaur ere. askotariko ekintzak eduki dituzte: desfileak, dantzak, mozorro txapelketak, musika, diskofestak… eta gaurko egitaraua ere ez da atzean geldituko.Ā
Lekeition eta Ondarroan oraindik ez diote amaierarik eman inauteriei. Izan ere, bihar [martitzena], Lekeition, ikastetxeetako umeen kalejiragaz emango diote hasiera egunari: Ateak kaletik plazara arte. Ondoren, ikastolako ikasleek antzerkia eskainiko dute Santi Brouard fronotian, eta gero, herri eskolakoen txanda izango da, Plazan. Arratsaldean, txokolatada egingo dute, Lekeitio Lagunkoiaren eskuti, eta segituan suzko zezena egongo da. Egunari amaiera emateko, DJ saioa eta mozorro lehiaketa egongo dira Eskolapean.Ā
Ondarroan ere herriko umeen kalejiragaz emango diote hasiera egunari, Ibaiondotik Itsasaurrera bitartean. Amaieran, animazioa egongo da Itsasaurre Plazan, Txirrimorraski ODLT-ren eskutik. 17:00etan Play Back lehiaketa egongo da leku berean. 18:45ean inauterietako dantzak egongo dira, kalez-kale, Kresala Kultur Elkartearen eskutik, eta ondoren, Miel Otxin erreko dute. egunari amaiera emateko, Akularen enterrua egingo dute, Artelanen eskutik. Barratik Zubi Zaharrera arteko ibilbidea egingo dute, eta amaieran, Akula Zubi Zaharretik botako dute.Ā
Asteburuko ekimenak.Ā Torrezelaitik hasi eta plazara heldu den kalejirak eman zien hasiera Aulestin Inauteriei. Aterpe baten beharrarekin hasi zuten eguna, baina euriak ez zuen horrenbeste itxarondako jaia geldiarazi. Herritarrek lotsak alde batera utzi eta parte-hartzeko eta ondo pasatzeko grina agerian geratu ziren zapatu goizean.
Antzezpenak eta dantzak eskaini zituzten herriko bi kuadrillak. Lehena, Lagunak taldea irten zen zapatuko egunerako landuta ekarri duten dantza egitera. Bigarrenek Bilax Pipol ezizenez aurkeztu zuten euren taldea. Talde estatubatuarraren YMCA kantuaren erritmora mugitu zituzten gorputzak, baita gainerako herritarrei mugiarazi ere. Herritarren txalo zaparrada eta oihu artean amaitu dute dantza saioa. Hala ere, LagunakĀ taldeak irabazi zuen gaztetxoen saria, eta 35 euro eta diploma jaso zuten. Bilax Pipol taldeak ere saria merezi zuela erabaki zuem epaimahaiak, eta beraz, 70 euro eman zizkieten, eta Inauterietako urtebeteko trofeoa ere beraien esku geratu zen. Azken sari bat ere iragarri zuten, āsari bereziaā izenarekin banatu zutena. Andrew eta Hiart amona dotore bi izan ziren, eta originaltasuna oinarri, aipamen berezia egin zieten herritarrek.
Ondoren, aulestiarrentzat ospakizun honen irudi den Inauteriri ohikoa den ongietorria egin zioten herriko plazan. Elizatik jaitsi zuten inauteri, ospakizunean murgilduta egon ziren herritar guztien begiraden gainetik.Ā
Etxebarrian ere eguraldiak ez zituen jaiak inola gelditu. Frontoian batu ziren ume, gazte eta helduak, eta mozorrorik onena nork zuen eztabaidatzeko gogoekin heldu ziren batzuk. Bazkari herrikoia izan zuten lehenik, eta arratsaldea mozorro eta antzezpen barregarriz bete zuten. Sarien zerrenda amaiezina izan zuten. Adin guztietako haur zein gazteak izan zituzten kontutan, eta asko izan ziren, mozorro onenagatik, esku artean saria izan zutenak. Kuadrillek ikuskizun “paregabeak” eskaini zituzten, originaltasunez eta umorez betetakoak, alegia.
Gainerako herrietan ere euriak ez zuen egitaraua bertan behera utzi. Amoroton barikuan ospatu zituzten inauteriak kalejira eta Xaiborren disko festagaz; Berriatuan herri bazkarian batu ziren frontoian, eta iluntzean elektrotxaranga atera zen herriko kaleak girotzera; Gizaburuagak eta Markina-Xemeinen domekan ospatu zuten festa; Lekeition eta Ondarroan zapatuan eta gaur ospatuko dituzte; eta Ziortza-Bolibarren zapatuan edukiko dute festa giroa.Ā