Iparraldearen orena: Sorozabal eta Basque, neguko garaileak
Johan Sorozabal eta Thibault Basque dira Eusko Label Winter Seriesen txapeldunak. Lapurtarrek 2 eta 1 garaitu dituzte Alex Goitia eta Unai Lekerika.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Eusko Label Winter Seriesen txapelak Lapurdira jo du estreinakoz. Xabier Barandika gernika-lumotarraren hutsunea ederto bete zuen Johan Sorozabal miarriztarrak, eta gainditu ezinezko ekuazioa osatu zuten hark eta txapelketa gogoangarria egin duen Thibault Basque bidartarrak. 2 eta 1 menperatu zituzten Alex Goitia markina-xemeindarrak eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak osatutako bikotea.
Etxeko puntistei kontsolamendu txikia geratu zitzaien. Barandikak txapelketako pilotaririk onenaren aitormena jaso zuen. Lekerikak, berriz, lehiaketaren bost finaletako hiru harrapatu izanaren merezimendua du; garaipenak, baina, ihes egin dio hiruretan. Goitia eta Sorozabal aurrelariei dagokienez, lehenaren esplosibitatea eta bigarrenaren errematerako gaitasuna nabarmendu dira aurten. Zesta-puntaren etorkizunerako ez ezik, orainerako ezinbesteko osagaiak direla frogatu dute Jai Alain.
Bizkaitarrak defentsa lanetara mugatu behar izan ziren tarterik gehienetan. Izan ere, Basquek dominantzia handia bistaratu zuen atzeko koadroetan, eta Sorozabalek txapelketako partidurik erregularrena jokatu; beste batzuetan ez bezala, lapurtarrak ez zuen ia akatsik egin, eraginkor aritu zen, eta berme handidun egoeretan egin zituen erremateak.
Lehen setean, Ipar Euskal Herriko bikotea, nagusi izan zen, hasi eta buka. Pilota gehiegi bizitzen utzi barik, errebesezko joko boteretsua plazaratu zuen, aurkariak dominatzera arte; egoera haietan biribildu zituen aurrelariak errematerik onenetakoak. Set haren hirugarren tantoa izan zen partidu osoko lehiatuenetako bat. Goitia jokotik ateratzen saiatuagatik ere, Lekerika bikain aritu zen ezker horman, defentsa lanetan. Tarteka-marteka, etxekoak bere postua aurreratzeko eta punpa-gora sartzeko saiakera egin zuen, ikusleen babesagaz. Baina egoera ez zen erraza.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Hiru tantoko arrakalagaz, 8 eta 5, iritsi ziren lehendabiziko atsedenaldira, eta ostean akats bi egin zituen; zortzina berdintzeak arnasa eman zien berdeei. Jarraian hamarna ere berdindu zuten, markina-xemeindarraren eskumakada dotore bat tarteko, baina langa hartan zirt edo zart egin ezinda geratu ziren Goitia eta Lekerika. Moreek 15 eta 10ekoagaz agindu zuten lehen setaren hondarrean.
Bigarrenean, egoera lehen hatsetik irauli beharraren premiaz kantxaratu zen bikote berdea. Aurrelari biek ala biek sakera sartzeko eta errematatzeko saiakerak egin zituzten, eta biek ala biek arrakastatsu. Lekerikak horma biko bat ere egin zuen, markagailua lauko berdinketara eroan zuen; hurrengoan, baina huts egin zuen. 7 eta 5ekoa ere txalotzekoa izan zen, Sorozabalen markaduna: eskumaz maisuki errematatu zuen lehenik, pilota atzeko hormaraino bidaliz, eta txik-txak bategaz biribildu zuen operazioa. Berdeek eutsi eta eutsi egin behar izan zuten, erresilientziaz eta hotz aritu, eta aukera oro aprobetxatu.
Lapurtarrak 12 eta 11 aurretik zihoazela, Basquek bizkarreko arazoak sumatu zituen, eta aldageletara ateraldia egin behar izan zuen. Tentsioa handi baino ez zen egin: markagailuak hamabiko berdinketa erakutsi zuen lehenengo, eta hamalaukoa ostean. Eskarmentua lagun, Lekerika arduratu zen etxeko ikusleak jesarlekuetatik altxarazteaz. Bere eskumakadek esperantzarako ate bat zabaldu zien berdeei.
Itxaropenerako dei hura, baina, errotik eskegi zuten Sorozabalek eta Basquek. Berdinketa haustean, banakakoa ezarri zuten lehenengo, eta ondorengo tantoa ere latza izan zen, Sorozabalek barruan doi-doi laga zuena. Handik aurrera, lapurtarren bakarrizketa hasi zen, tanto denak erreskadan eginik. 5 eta 1 nagusitu ziren Sorozabal eta Basque. Gernika-Lumokoa elkarregaz bikotea osatuta jaso duten bigarren garaikurra izan da, 2024an Donibane Lohizuneko Nazioartekoak txapelketa ere irabazi baitzuten.
Thibault Basque: “Bikote oso sendoa osatu dugu finalean; Johanek erabateko segurtasunez jokatu du aurrealdean”
Podiumaren bigarren koskan egoteagaz konformatu behar izan arren, Lekerikak Jai Alain puntu sorta gehitu zion orain arte Pauen, Durangon nahiz Berriatuan eskuratutako uztari, eta Jai Alai Ligako lidergoa are gehiago zuztartu zuen. Gernika-Lumotarrak 4.300 puntu ditu, Barandikaren (3.860), Eñaut Urreisti mutrikuarraren (3.210), Goitiaren (2.460) eta Gorka Sorozabal miarriztarraren (2.150) aurretik.
Johan Sorozabal: “Egoera normalean, finaleko tokia Barandikarena zen; txapelketako aurrelaririk onena izan da”
Txapela jantzi orduko, Basquek bere bikotekideak egindako “partidutzarra” nabarmendu zuen: “Bikote oso sendoa osatu dugu finalean; Johanek erabateko segurtasunez jokatu du aurrealdean. Bizkarreko arazoek errebesezko gorpuzkera aldatzera behartu naute, baina aldageletan masajistagaz konpondu ahal izan dut”. Aurrelari gazteari, ostera, sentimenak deskribatzea “kostatu” zitzaion: “Egoera normalean, finaleko tokia Barandikarena zen; txapelketako aurrelaririk onena izan da. Dena dela, aukera aprobetxatu ahal izan dut, batez ere, Thibaulti ahal beste laguntzeko asmoz: txapela merezi du“.
Biscayne Kopa, martxan.
Finalaz gain, zesta-puntaren katedralak Floridako II. Biscayne Koparen aurkezpena ere hartu zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak sustaturiko txapelketa da, zesta-punta “nazioartekotzeko asmoz” egina. Gainera, aurten Grand Slam kategoriara jauzia egingo du, eta ligarako puntuagarria izango da. Ez hori bakarrik: bikote zein partidu gehiago edukiko ditu, “egungo puntistarik onenekin”. Hain zuzen, AEBetan ariko diren hamabi puntistetako hamarrek Winter Seriesa jokatu dute. Bikote finalistetako bat, Goitia-Lekerika, bertan egongo da.

II. Biscayne Koparen aurkezpena. Argazkia: Eraman Jai Alai.
Honakoak dira Danian ariko diren gainontzeko pilotari bikoteak: Aritz Erkiaga-Imanol Lopez, Ludovic Ladutxe-Thibault Basque, Eñaut Urreisti-Ion Ibarluzea, Johan Sorozabal-Gorka Sorozabal eta Jon Zulaika-Gorka Aldazabal Ubilla.