Azken egunetako ekaitzek Bizkaiko kostaldeko hondartzetara ekarri dituzte lanperna-musuak
Ehunka Lanperna-musu hilda agertu dira aken egunotan. Adituek arduraz jokatzeko eta ikusiz gero, 112 telefonora deitzeko eskatu dute.
Lanperna-musu bat Saturrarango zazpi hondartzetan. Eguzki. Azken egunetako ekaitzen ondorioz Bizkaiko kostaldeko hondartzetan itsas txori “ugari” agertzen ari dira; bereziki, lanperna-musu espezieko txoriak. Egoerak kezka piztu du Eguzki Talde Ekologistan; izan ere, agertu diren ehunka hegaztietatik gehienak hilda azaldu baitira.
Lea-Artibaiko Eguzki Taldeko Ekologistako kideek hiru txori jaso dituzte azken egunotan: Karraspion, Arrigorrin eta Saturraranen. Hala ere, salatu dutenez, askoz gehiago dira kostaldean barreiatuta daudenak. “Hegazti horietako asko eraztunekin bildu direnez, badirudi Erresuma Batutik datozela. Lanperna-musuak arrain txikiez elikatzen dira, baina ekaitzengatik ezin dira elikatu eta kostalderaino eramaten dira. Bertan hiltzen dira gehienak”.
Nahiz eta Bizkaiko kostaldean gehienak hilda agertu, bizirik ere agertu daiteezkela azaldu dute Eguzkiko kideek. Horrelako kasuetarako verballenas taldearen aholkuak gogorarazi dituzte: “Lehenengo 112ra deitu, eta basozainei abisua pasatuko diete, eta iritsi bitartean, zaindu hegaztiak. Ez manipulatu hegaztiak edo manipulatu ahal den gutxien. Gauzak nola dauden ikusita, litekeena da basozainek hondartzara joaterik ez izatea, eta horrek geure kabuz laguntzen saiatzera bultza gaiteke. Beraz, horrela bada, hegaztiak ahalik eta gutxien manipulatu, eta eskularruak eta maskara erabili. Izan ere, ez dugu ahaztu behar hegaztien gripeak hor jarraitzen duela”. Verballenasetik garrantzia handia eman diote eskularruak eta maskara erabiltzeari: “Lagundu beharrean egoera okertu dezakegu”.
Behin maskara eta eskularruak jantzita hegaztia oihal batean bildu behar dela jakinarazi dute taldetik, eta ondoren, zuloak dituen kutxa batean jarri, hegaztiak arnasa hartzeko.
Azkenik, udaltzaingora edo Gurutze Gorrira eraman beharko da hegaztia, basozainek han jaso dezaten. Aipatutako lekuez gain, Gorlizko eta Urnietako basafaunaren zentroetara ere eraman daiteke hegaztia. Horrez gain, datozen egunetan txakurrarekin hondartzara joateko asmoa duenari arreta handiz ibiltzeko eskatu diote taldetik, baita txakurra lotuta eramateko ere.
Bizkaiko Foru Aldundia lanperna-musuen aleak bildu eta osatzeko lanak koordinatzen ari da
Azken egunotako ekaitzaren ondorioz Bizkaiko kostaldean lanperna-musu atlantiko “ugari” agertu direla jakinarazi zuen herenegun Bizkaiko Foru Aldundiak; orain arte 400 hegazti inguru jaso dituzte eta Gorlizko Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora eraman dituzte, bertan artatzeko. Jasotako aleetatik sei berrogeialdian daude, prebentzio neurri gisa. Hala, egoera ikusita, Bizkaiko Foru Aldundia lanperna-musuen erreskatea koordinatzen dabil, teknikariek eta boluntario espezializatuen laguntzagaz.
Hala nola, Ereaga, Zierbena, Aizkorri, Laida, Laga, Gorliz, Sopela, Arena, Berango, Lekeitio eta Bakioko hondartzetan agertu direla zehaztu du Bizkaiko Foru Aldundiak. “Hegazti hauek gure kostaldean agertzea Kantauri itsasoan azken egunetan izandako baldintza txarrekin lotuta dago”, azaldu dute.