'Gizontasuna korapilatzen' tailerra abiatuko du Lekitioko Udalak gizontasun ereduak berritzeko
Ekainera arte egingo diren sei saioek gizonen rola eta maskulinitatearen oinarriak landuko dituzte, herrian askatasuna, berdintasuna eta aniztasuna indartzeko helburuarekin
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, “Gizontasuna korapilatzen” izeneko tailer zikloa jarriko dute martxan Lekeition, gizontasun ereduen inguruko hausnarketa sustatzeko eta maskulinitatearen oinarriak lantzeko helburuarekin. Guztira sei saio egingo dira, eta programa ekainera arte luzatuko da.
Udalaren arabera, ekimenaren abiapuntua iaz aniztasun sexualaren eta askatasunaren inguruan antolatutako hitzaldi eta tailer batean dago. Saio hartan agerian geratu zen “heteroarauak oraindik ere presentzia handia” duela herrian, eta eredu horretatik kanpo bizi diren pertsonek askotan zailtasunak izaten dituztela eguneroko bizitzan askatasunez eta lasaitasunez bizitzeko.
Hausnarketa horren ondorioz, parekidetasunaren aldeko lanketarekin batera, gizonen rola eta gizontasun ereduen inguruko lanketa ere beharrezkoa dela ondorioztatu zen. Udalak azaldu duenez, jaietan, kontzertuetan edo kirol guneetan sarritan gizontasun eredu jakin bat nagusitzen da, eta horrek espazio soziala baldintzatu dezake, bestelako errealitateak baztertuz.
Ildo horretan, joan den azaroan lehen hitzaldi bat antolatu zen, eta bertan 20 bat gizonek parte hartu zuten. Saioak harrera ona izan zuen, eta parte hartzaileek prestakuntza prozesu zabalago batean parte hartzeko interesa azaldu zuten.
Horren ondorioz sortu da “Gizontasuna korapilatzen” tailer zikloa. Saio bakoitzean gai zehatz bat landuko da, maskulinitatearen oinarriak ardatz hartuta, eta parte hartzaileek hausnarketarako, esperientziak partekatzeko eta gizontasun eredu berdinzaleagoak eraikitzeko aukera izango dute.