Inauteri martitzena heldu da Lekeitiora eta Ondarroara
Ondarrutar eta lekeitiarrek inauteri martitzena ospatu dute gaur [otsailak 17]. Ume, gazte nahiz nagusi, denek hartu dute mozorrotzeko tartea, eta rratsaldean jaiak aurrera jarraituko du.
Inauterietako mozorroak, giro aparta eta alaitasuna nagusitu dira Lekeition eta Ondarroan. Bi udalerrietako ikastetxeek egun alaia, koloretsua eta herrikoia ospatu dute, txistularien doinuek lagunduta.
Lekeition, eguraldi txarra dela eta, ikasleen kalejira bertan behera utzi behar izan dute. Hala ere, bai ikastolak bai eskolak beste hainbat ekintza antolatu dituzte, besteak beste, ikasleen ikuskizunak. Lekeitioko Herri Eskolan, aurtengo mozorroen gaia “Behin batean… istorioak” izan da. Irakasleek, ikasleek eta gurasoek ipuin klasikoak hartu dituzte inspirazio iturri gisa, hala nola Hiru txerritxoak, Peter Pan eta Txanogorritxu. Azkue Ikastolan, berriz, “efemerideak” izan dira aurtengo gai nagusia. Bestalde, Udalak antolatutako ekintzak ere mantendu dira, hala nola txokolatada, suzko zezena, DJ saioa eta mozorro lehiaketa.
Ondarroan, berriz, 11:30ean eman diote hasiera kalejirari. Zubi Zahar Herri Ikastola eta Zaldupe Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek Ibaiondotik hasi eta Itsasaurre Plazarainoko bidea osatu dute, abestuz eta dantzatuz. Gainera, aurten ikastolako irakasle guztiak pintorez mozorrotu dira. Ondoren, 12:15ean, kale animazioa izan dute Itsasaurren, Txirrimorraski ODLTren eskutik.
Arratsaldea. Goizeko jardunak amaitu dituzten arren, arratsaldean ere egongo da egitekoa bi herrietan. Ondarroan Playback lehiaketaz jarraituko dute eguna 17:00etan Itsasaurre Plazan, eta 18:45ean inauterietako dantzak ikusi eta dantzatzeko aukera izango dute ondarrutarrek Kresala Kultur Elkartearen eskutik. Gainera, Lantz dantzarekin amaitzeko, Miel Otxin erreko dute Itsasaurren. Egunari amaiera emateko, 20:00etan, Akulari agur esateko ordua iritsiko da, barratik hasi eta Zubi Zaharreraino egingo duten enterruagaz. Lekeition, ostera, 17:30ean txokolatada eta 18:00etan, umeentzako antzerki musikala egongo dira plazan. 19:30ean, ostera, suzko zezena egongo da, eta egunagaz amaitzeko, 21:00etatik 00:00ak arte DJ saioa eta mozorro lehiaketa egongo dira, Eskolapean.