Mutrikuko Udalak natur ondarea zaintzeko lanean jarraitzen du
Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean natur-ingurunea zaintzeko eta babesteko lanetan dabil Mutrikuko Udala; besteak beste, Ormolako putzua, Artzainerreka eta Deba ibaiaren kontserbazioa.
Mutrikuko Udalak udalerriko natura babestu eta hobetzeko konpromisoan berretsi da. Izan ere, aurten, hainbat ekimen garatu dituzte Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean herriko natur ondarea babestu eta hobetzeko. “Mutrikuko inguruetan hainbat natura altxor aurkitu daitezke, hala nola, iratze paleotropikalak, artadiak, kostako habitat naturalak, duna eta paduretako espezie bereziak”. Hala, aurten, hiru tokitan ari dira ekintzak gauzatzen: Ormolako putzua, Artzainerreka bailara eta Deba ibaiaren itsasadarra.
Ormolako putzuan egindako lanez gain, sentsibilizazio eta ingurumen hezkuntza jarduerak ere jarri dituzte martxan bertan: egurrezko itxura berritu dute, informazio panela jarri, putzuaren ertzak egokitu, putzuaren intsolazio maila handitu, landare berriak auzolanean landatu eta herriko ikastetxeekin urmaelaren biodibertsitatea ezagutzeko formazio saioak egin.
Arno Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuta dago Ormolako putzua, eta 200 m² inguruko azalera izanik, lurraldeko tamaina handienetako urmaela dela azaldu dute Mutrikuko Udaletik. Europako Habitat Zuzentarauak babesten duen uhandre marmolairea Triturus marmoratus aurkitu da bertan, eta beste hainbat anfibio zein odonato espezieren bizitokia ere bada.
Artzainerrekari dagokioez, biodibertsitatearen kontserbazioaren ikuspegitik “balio handia” duela zehaztu dute Mutrikuko Udaletik: “Batetik, Arno eta Urdaibaiko Artadi Kantaruriarren arteko Korridore ekologikoaren Indargetze eremuan kokatzen da bete-betean. Faunari dagokionez, galtzeko arriskuan dagoen bisoi europarraren intereseko habitata da Artzainerreka, eta, berriki, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako espezie mehatxatuen katalogoan barneratutako baso-igel iberiarra aurkitu da”. Horrez gain, mehatxatuta dagoen Woowardia radicans iratze paleotropikalaren nukleo oparoak ere bertan bidi dira, errekan eta errekaren adarretan. Bide horretatik, udala burutzen dabilen lanen artean dago espezie honen iratzearen prospekzio lanak egitea. “Duela urte batzuk udalak 6.07 hektareako lursaila erosi zuen inguru honetan. Lursail horretan bertako basoak berreskuratzeko lanean hasia da, espezie inbaditzaileak erauzten eta bertakoak landatzen, artadia, hariztia zein haltzadia leheneratzeko”.
Bestalde, Deba ibaia itsasoratzen den Casacampo deituriko inguruan dagoen paduran, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako espezie mehatxartuen katalogoan barneratzen diren landare espezieak bizi dira: Salicornia emerici eta Frankenia laevis. “Proiektu honetan espezie horien jarraipen lanak burutzen dira haien kontserbazio egoera ona bermatu ahal izateko”. 2025ean hasi ziren lanak eta udaletik azaldu dutenez 2026 bukaeran emango diote amaiera: “Mutrikuren balio natural horiek babestu eta indartu nahi badira, berebiziko garrantzia izango du hasitako lanei jarraipena ematea eta herritarrek egindako lanekiko sentsibilizatzea”.