Goxua Txapelketak egitarau betea edukiko du aste honetan ere
Guztira hamar partida jokatuko dituzte bihartik [otsailak 19] domekara [otsailak 22].
Master Goxua Txapelketak aurrera darrai “giro bikainarekin “eta ikusleen interesa “piztuta”, Markina-Xemeingo pilota egutegian hitzordu garrantzitsua bihurtuta.
Gaur [otsailak 19] 20:00etatik aurrera jokatuko dituzte partiduak. Latxi-Mujika eta Legarra-Muruaga bikoteak aurrez aurre izango dira lehen mailan, eta Anitua-Arrieta Cano-Gerrikabeitiaren kontra bigarren mailan. Barikuan [otsailak 20], 20:00etatik aurrera, Anartz Ibarloza eta Oier Urrutia Kortazar eta Uberen aurka arituko dira lehen mailan. Zapatuan [otsailak 21] 16:00etatik aurrera, bigarren mailako hiru partida jokatuko dira, tartean Alex Arrate eta Ander Arraiza Laka eta Ekaitzen kontra. Azkenik, domekan [otsailak 22] 16:00etatik aurrera, jardunaldi oparoa izango da, besteak beste Aranburu-Aldape eta Ager Martin-Igor Uriarte, eta Uzuriaga-Pradera eta Rober-Atxur bikoteen arteko lehen mailako partidekin.
Bestalde, joan den astean jokatutako partidek maila handiko partidak eta emaitza esanguratsuak utzi ditu, bai lehen mailan bai bigarren mailan, eta txapelketaren erritmo bizia berretsi du.
Lehen mailan, Agirrezabal eta Txaber Zabala bikoteak garaipen sendoa lortu zuen Larrea I eta Larrea II bikotearen aurka, 18-10eko emaitzarekin. Partida osoan nagusitasuna erakutsi zuten, hasieratik amaierara kontrola mantenduz. Maila berean, Muniozguren eta Zugadik erakustaldi bikaina eman zuten Iñaki Urbe eta Anso 18-4 garaituta. Bigarren mailan, neurketa lehiatuak izan ziren nagusi. Mendibe eta Goratzek garaipen estua eskuratu zuten Atxurra eta Arizmendiren aurka, 18-15eko emaitzarekin. Era berean, Alex Arrate eta Ander Arraizak partida gogorra irabazi zuten Jon Zufiaurre eta Ander Zufiaurreren aurka, 18-16.
Beste norgehiagoka batean, Xabier Uriarte eta Mikel Uriarte nagusitu ziren Jokin eta Andoniren aurka, 18-7. Gandixa eta Adorrixak ere garaipen sendoa lortu zuten Larrazabal eta Ezpeletaren aurka, 18-10.