Geuretik Sortuak egitasmoaren baitan 'Hamaika irakurtzeko jaioak' ipuin-bilduma aurkeztu dute
Naia Arantzamendi ondarrutarrak 'Hamaika irakurtzeko jaioak' ipuin-bilduma idazten parte hartu du, beste hamaika idazlerekin batera. Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioko emaitza berria da honakoa, eta hamabi idazlek ondu dute proiektua, bakoitzak Euskal Herriko txoko batetik idatzi du bere ipuina.
Hamabi idazlek sortu dute hamaika lanez osatutako literatur bilduma. Geuretik Sortuak. Hamabi idazlek Euskal Herriko txoko ezberdinetan egindako sormen egonaldietatik sortu dute hamaika ipuinez osatutako lana: Hamaika irakurtzeko jaioak ipuin bilduma. Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioko emaitza da proiektua, eta atzo [otsailak 17] aurkeztu zuten Donostiako Liburutegi Zaharrean. Hamaika ipuinetako bat idatzi du Naia Arantzamendi ondarrutarrak.
Arantzamendiz gain, ipuin bildumaren beste sei idazle ere bertaratu ziren aurkezpenera: Peru Calabaza, Goiz Eder Iturain, Saioa Iribarren, Ander Basaldua, Maitane Perez eta Maitane Nerakan. Udalbiltzako lehendakari den Haritz Alberdik eta kultur teknikari den Maria Osesek aurkeztu zuten ekitaldia, eta gero, idazle bakoitzak bere esperientziari buruz hitz egin zuen.
Aurkezpenean bertaratutako zazpi idazleren lanen aurrerapenak entzuteko aukera egon zen. Hala, Naia Arantzamendik Baigorrin egindako egonalditik ondutako lana aurkeztu zuen, laborantza eta belaunaldi aldaketa oinarri izanda. Saioa Iribarren eta Ander Basaldua izan ziren lehenengoak hitza hartzen, eta lau eskutara idatzitako ipuina plazaratu zuten, Oiartzungo memoria historikoan oinarritutakoa. Peru Calabazak, berriz, Ikaztegietan idatzitako Atizabalik ipuinaz aritu zen: Bizkaitik Goierrira heldu den komunitate berezi baten inguruko esamesetan oinarrituta. Maitane Nerekanek Amasa-Villabonan sortutako maitasunari buruzko gogoeta filosofikoa azaldu zuen, eta Udalbiltzak antolatutako egitasmoaren balioa nabarmendu zuen: “Euskal Herria eraikitzeko modu asko daude, baina hau, dudarik gabe, modurik ederrenetarikoa da”.
Maitane Perezek Gorlizen girotutako kontakizuna aurkeztu zuen; militantzia-iragana izan duen emakume baten itzulera du ardatz ipuinak. Perezek bigarrenez parte hartu du egitasmoan, eta baldintzak “ezin hobeak” direla azpimarratu zuen. Azkenik, Goiz Eder Iturainek Bortzirietan izandako esperientzia kontatu zuen, eta bertako arkitekturan oinarritutako lana aurkeztu zuen.
Atzoko aurkezpenaz gain, ondutako ipuin guztiak ezagutzeko aukera egongo da datozen hilabeteetan egingo dituzten aurkezpenetan. Hala nola, otsailaren 26an, Maitane Nerekanek eta Maitane Perezek Villabonan aurkeztuko dituzte bi ipuinak; otsailaren 27an, Arantzan aurkeztuko du Goiz Eder Iturainek.
Egonaldiak, han eta hemen. Geuretik Sortuak egitasmoak sormen egonaldiak antolatu ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, eta 2025. urtearen hasieran hautatuak izan ziren hamabi idazlek egonaldietan egindako lanaren emaitza izan da Hamaika irakurtzeko jaioak ipuin bilduma. Hala, hiru asteko egonaldietan beste errealitate batzuk ezagutu dituzte, eta idazle bakoitzak hortik eratorritako ipuin bana ondu du. Hala, Atxondon egin du egonaldia Miren Artetxe Sarasolak; Gorlizen Maitane Perezek; Amasa-Villabonan Maitane Nerekan Umaranek; Nafarroako Goi Erriberan Zigor Garrok; Baigorrin Naia Arantzamendik; Aulestin, Amoroton eta Munitibarren Oier Guillanek; Ikaztegietan Peru Calabaza Sabanek; Oiartzunen Saioa Iribarren eta Ander Basalduak; Etalarren, Arantzan, Beran eta Lesakan Goiz Eder Iturainek; Asparrena eta Ziordian Ixabel Agirresarobek, eta Ortzaizen Garazi Albizuak.