"Norberaren egia" aldarrikatzera dator Eskafandraren 'Damurik ez' abestia
Abesti "indartsu eta emozionala" kaleratu du gaur [otsailak 18] Lekeitioko Eskafandra taldeak: "Sentimenduak giltzapean gordetzera ohitu gaituen kulturaren aurrean kontrapuntua egin nahi izan dugu".
Lekeitioko Eskafandra taldeak 2024ko udaberrian eman zion hasiera bere ibilbideari, eta ordutik hamaika izan dira argitaratutako lanak. Eskafandra izeneko album bat eta zenbait single tarteko, Damurik ez euren azken singlea argitaratu dute gaur [otsailak 18]: “Bigarren aukeren, ausardiaren eta norberaren egia aldarrikatzearen abestia da”.
Joseba Iturrasperen eta Ibar Martinen lan berriak “pasioak, barne-mugak eta berriz jaio beharraren beharra” uztartzen ditu, eta “pieza indartsu eta emozionala” adierazi dute. Abestiaren bitartez hausnarketa pertsonalerako espazio bat eraiki nahi izan dute: “Sentimenduak giltzapean gordetzera ohitu gaituen kulturaren aurrean kontrapuntua egin nahi izan dugu”. Hala, letra iradokitzaileak uztartu dituzte barne-gatazka eta askatasunerako grinarekin batera.
Istorioa, ironia eta drama tartekatuz, norberak bere burua mugatzeari uko egiteko gonbitea da Damurik ez abestian jaso dutena Horretarako melodiekin eta erritmoekin jolastu dute, eta narratibarekin bat eginez, tentsio eta askapen uneak tartekatu dituzte abestian.
Hitzak Iturraspek egin ditu eta grabaketa, produkzioa eta nahasketa, ostera, Martinek. Musikari dagokionez, bi biek parte hartu dute sorkuntza prozesuan, eta azkenik, masterra Josu Ervitik egin du. Abesti berria entzungai dago streaming plataformetan.