Lekeitiok internet eta telefono zerbitzuaren berreskurapenean aurrera egin du dorre elektriko berriak instalatu ondoren
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, argindarra domekan konekta daiteke eta fibra optikoa astelehenean, Iberdrolaren aurreikuspenen arabera.
Lekeitioko Udalak internet, telefono eta argindar lineen egoerari buruzko azken informazioa eman du, azpiegitura elektrikoan izandako kalteen ondoren zerbitzuak berreskuratzeko lanek aurrera jarraitzen baitute.
Iberdrolak Udalari helarazitako informazioaren arabera, gaur kaltetutako bi dorre elektriko berrien instalazioa amaitu da. Lurra prestatu ondoren, helikopteroen laguntzaz dorreak kokatu eta hormigoiarekin egonkortu dira, eta hormigoia gogortzen uztea aurreikusi da.
Zapatuko lanen barruan, goizeko lehen ordutik hasita, dorreen eta kableen inguruan dauden 14 pinu botako dituzte. Ondoren, argindarraren hiru kableak eta fibra optikoko kable bat dorrez dorre pasatuko dituzte.
Domekan egingo da argindarraren hiru kableen konexioa, hornidura elektrikoa berreskuratzeko funtsezko pausua. Azkenik, astelehenean konektatuko da fibra optikoko kablea, eta horri esker internet eta telefono zerbitzuak berriro martxan jartzea espero da.
Lekeitioko Udalak gogorarazi du ez dela gertakari honen arduraduna, baina egoeraren garrantzia dela eta, herritarrak informatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Udalak datozen egunetan egon daitezkeen berrikuntzen berri ematen jarraituko du.