Martuteneko espetxean sartu dira Arantza Zulueta eta Jon Enparantza
Bi abokatuak atzo [otsailak 19] eguerdian euren kabuz joan ziren espetxera; Zuluetak zazpi urte eta erdiko zigorra bete beharko du, eta Enparantzak, lau urteko zigorra.
Arantza Zulueta eta Jon Enparantza Martuteneko espetxean sartu dira eguen [otsailak 19] eguerdian , 13/13 auzian ezarri dizkieten kartzela zigorretatik falta zaiena betetzeko. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Sekzioak otsailaren hasieran agindu zuen bi abokatuak espetxeratzeko, eta euren kabuz joan dira espetxera.
Zuluetak zazpi urte eta erdiko zigorra jaso zuen, “erakunde terroristako kide” izatea eta lehergaiak edukitzea egotzita. Enparantzak, aldiz, lau urteko zigorra zuen, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta.
Zigorrak 2022an ezarri zizkieten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo urtarrilean berretsi zituen. Auzian zehar, agerian gelditu ziren CNIren esku hartzeak eta tortura salaketak, baina, hala ere, zigorrak berretsi ditu, aipatu moduan, Auzitegi Nazionalak. Bi abokatuen defentsak errekurtsoa aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina horrek ez du kartzelara sartzeko agindua geldiarazten.
Zulueta eta Enparantza 2022an zigortu zituen Auzitegi Nazionalak; ETAk jarduera armatua behin betiko eten eta 11 urtera. Epaiketa gorabeheratsu hartan, Julen Zelarain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi ere epaitu zituzten. Zelarain, Agirre eta Redondo absolbitu egin zituzten. Gainerakoei, berriz, hiru eta zazpi urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten, ETAren «fronte juridikoa» osatzeaz eta «erakunde terroristako» kide izateaz akusatuta; besteak beste, ETAren eta presoen arteko «lotura» lana egitea leporatu zieten. Zuluetari, gainera, lehergaiak izatea ere egotzi zioten.
Egoera honen aurrean, Galarrena Kultur Elkarteak gaur [otsailak 20] , enkarteladiaren ostean, 19:30ean Eskolapean, Arantzaren egoeraren inguruko asanblada informatiboa emango du.

Lekeitioko Udalaren adierazpenak
Lekeitioko Udalak adierazpen ofizial baten bitartez, adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenak 13/13 makroepaiketaren inguruan emandako epaia “denboraz eta lekuz kanpokoa” dela, eta herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzearen “aurkakoa” dela. Udalbatza osatzen duten udal taldeek gogorarazi dute jarrera hori jada 2021eko abenduaren 16an azaldu zutela.
Epai horren bidez, Lekeitioko herrian sustraiak dituen Arantza Zulueta eta beste hiru pertsona espetxeratzeko agindua berretsi da, Arantza Zuluetari zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarriz. Udalaren esanetan, 13/13 sumarioa Estatuaren sektore batzuek bultzatutako estrategia politiko-judizial baten ondorio da, eta azken hamarkadan herrian irekitako bakearen eta elkarbizitzaren aldeko aro berriaren aurka egiten du.