Sagardui-Gaminde garaile Etxebarrian Binakako Txapelketa Nagusian
Binakako Txapelketa Nagusia gori gori egon da azken jardunaldiaren atarian, eta Olatz Arrizabalaga sailkapeneko lehen postuan sendotu da.
Laboral Kutxako Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia bero-bero dago eta erabakitzeko dena azken jardunaldirako utzi du. Domeka honetan [otsailak 22], Etxebarriko frontoiak itxura bikaina erakutsi du, harmailak lepo beteta, eta Sagardui-Gaminde zein Ibarrola-Erasunek lau onenen artean sartzeko urrearen balioa duten garaipenak lortu dituzte.
Etxebarriako pilotalekuan jokatutako jardunaldian, Alize Sagardui eta Enara Gamindek 22 eta 18 menderatu zituzten Amaia Aldai eta Andrea Capellan elite mailako neurketan. Partida gogorra eta lehiatua izan zen, Capellan eskuetako arazoetatik osatuta itzuli baitzen kantxara eta aurkariak estu hartu baitzituen une askotan.
Hala ere, Sagardui eta Gaminde sendo aritu ziren azken tantoetan, elkar ulertzea gero eta finagoa dela erakutsiz. Garaipen honi esker, txapelketan bizirik diraute eta finalerdietarako lehian bete-betean sartuta daude.
Promesa mailan ere partida ikusgarriak izan ziren. Irene Azkonak eta Nahia Uriartek 5 tanto lortu zituzten eta Onintza Galdosek eta June Berasaluzek 18 tanto. Olatz Insausti eta Irati Betegiren kasuan, 18 tanto lortu zituzten, Maialen Esnal eta Udane Ozaetaren 2 tantoekin alderatuta. Eta, amaitzeko, Nahia Uriarte eta Garazi Nisa 9 tanto lortu zituzten, Aiala Uriartek eta Alejandra Perezek, aldiz, 18 tanto.
Ibarrola-Erasun, sendotuta, Asteasun.
Asteasuko Usarrabi frontoian, Ibarrola eta Erasunek 22 eta 16 irabazi zieten Ruiz de Infante eta Mendizabali. Hasieran nagusi izan ziren, 21 eta 9 aurreratzeraino. Hala ere, urdinek erreakzionatu eta 21 eta 16ra gerturatu ziren, baina hasierako alde handiak baldintzatu zuen norgehiagoka.
Garaipen honek hirugarren postuan sendotu ditu Ibarrola eta Erasun, eta finalerdietarako txartela eskuratzeko aukera sendoekin helduko dira azken jardunaldira.
Asteasuko promesa mailako emaitzak ere nabarmendu ziren. Maria Balerdik eta Itsasne Lizarraldek 8 tanto egin zituzten, Intza Arrutik eta Dunixe Alberrok, aldiz, 18. Jarraituz, Lur Egizabalek eta Leire Lertxundik 9 tanto lortu zituzte, baina Garazi Imazek eta Irati Benitok 18 tanto egin zuten.
Sailkapenaren borroka.
Testuinguru horretan, azpimarratzekoa da Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra dela une honetan sailkapeneko lehen postuan dagoena, erregularitatea eta sendotasuna erakutsiz txapelketa osoan zehar. Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara iazko txapeldunordeek elkarrekin jokatuko dute aurten ere. Guztira 110 tanto alde dute ta 59 haien kontra.
Binakako Txapelketa Nagusia erabat irekita dago oraindik. Barikuan Ortuellan eta domekan Igorren jakingo da zein lau bikotek jokatuko dituzten aurtengo finalerdiak, eta ikusitakoaren arabera, emozioa azken tantoa arte luzatuko da.