Sarrigurengo hilketa matxista salatuko dute eskualdeko zenbait udalerritan
Gaur [otsailak 23] Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen egingo dituzte elkarretaratzeak. Munitibarren eta Mutrikun, ostera, atzo [otsailak 22] egin zituzten elkarretaratzeak.
Bariku arratsaldean [otsailak 20] Sarrigurenen, Nafarroan gizonezko batek emakumezko bat hil eta beste bat larri zauritu zuen. Hilketa 19:30ean gertatu zen, Nafarroako Erresuma etorbideko etxe batean; gizonezkoak labanaz eraso zion bikotekideari, eta, larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenean, ezin izan zuten emakumea suspertu. Gizonak larri zauritu zuen beste emakume bat, bere ama, hain justu ere. Biktima Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zuten eta ebakuntza bat egin zioten gauean. Sekretupean da sumarioa, baina zenbait iturrik argitaratu dutenez, emakumea erraina babesten saiatu zenean egin zion eraso gizonak. Bikoteak lau seme-alaba dauzka, guztiak adin txikikoak, eta horietako bat etxean zen hilketa gertatu zenean.
Erasoaren ondoren gizonak etxebizitzatik ihes egin zuen, baina polizia telefonoz jarri zen harekin harremanetan, eta geroago bere burua aurkeztu zuen polizia etxean. Ertzaintzak gizona atxilotu zuen, eta gaur gaurkoz, foruzainek gertatutakoa ikertzen jarraitzen dute. Zenbait iturrien arabera, bikotea banatzeko prozesuan zegoen, eta eztabaida baten ostean eman zen erasoa.
Egoera horren aurrean, Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait talde feministak elkarretaratzeak deitu dituzte; hainbat herritako udalek bat egin dute deialdiekin. Munitibarren eta Mutrikun atzo [otsailak 22] egin zituzten elkarretaratzeak, eta Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen gaur [otsailak 23] elkartuko dira.
Lekeitiori dagokionez, Lekittoko Mugimendu Feministak egin du deialdia, eta 19:00etan elkartuko dira, Eskolapean. Markina-Xemeinen, ostera, Mugimendu Feministak deitu du elkarretaratzea, eta Goiko Portalean 20:00etan ipini dute hitzordua. Azkenik, Ondarroan 19:00etan Alamedan egingo dute elkarretaratzea; Ondarroako Udalak eta Etxelilak bat egin dute deialdiarekin.
- Lekeitio. Gaur [otsailak 23], 19:00etan, Eskolapean.
- Markina-Xemein. Gaur [otsailak 23], 20:00etan, Goiko portalean.
- Ondarroa. Gaur [otsailak 23], 19:00etan, Alamedan.