Sorozabaldarren leinua, belaunaldi arteko gudan garaile
Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrek Biscayne Koparen finalean garaipen handia eskuratu dute. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak distira galdu dute, neurketak aurrera egin ahala. Johan Sorozabalek Grand Slam bi irabazi ditu astebeteko tartean.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Mikel Laboaren ahots joanak zioen legez, gaztea ez daiteke adin batez molda, gorputza sendo eta azkar du odola. Astebeteko lehia gogorraren ondoren, Johan eta Gorka Sorozabalek zesta-puntaren odol berria, biharko ez ezik, gaurko apustu segurua ere badela frogatu dute Daniako pilotalekuan. Miarriztar bikoteak 1 eta 2 irabazi die Biscayne Koparen final handia faborito nagusiei, Aritz Erkiaga ispastertarrari eta Imanol Lopez zumaiarrari. Aurtengoak ospakizunerako motibo ugari laga ditu: batetik, AEBko Jai Alairen mende bateko bideari omenaldia; bestetik, Lopezen agurra ikusle estatubatuarrei; horiez gain, antolatzaileek argitu legez, zesta-puntaren egungo «nazioartekotzea» martxan dela frogatzea.
Zahar-gazteen arteko hau da parabola, zioen Sekulabelardiko kantariak. Eta parabola handia zen, hain zuzen, finalekoa: aurrez aurre ipinitako belaunaldi bi; gazteenak zesta-puntaren izar eskarmentatuak, behintzat, Floridan amatatu guran. Bien bitartean, harmailak lepo-lepo. Lehen pilotakadek iragarri zuten lehia gogorra izango zela, estreinako tantoak luzeak eta fisikoak izan baitziren. Apurka-apurka, beteranoek beren erritmoa topatu zuten, eta bidea egiten hasi ziren.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Atzeko koadroen lekukotza.
Aipagarria izan zen Gorkak Lopezen dominantziaren aurrean frontoiaren atzealdeko koadroetan erakutsitako ekina, baina zerbait gehiago beharko zuten, garaipenaren aukerei eutsiko baldin bazieten. Markagailuak 8 eta 5ekoa bistaratzen zuenean, Erkiagak eta Lopezek azeleragaila zapaldu zuten. Zahar bezain prestu, lehen setaren autobidean argi eta garbi gailendu ziren: 15 eta 6.
Ispasterko magoa trikimailuak egiteko erabateko intentzioz kantxaratu zen bigarren setean ere: 1 eta 0ekoa, horma bitara eta errebotez; 2 eta 0ekoa, alboz eginiko horma bikoagaz. Gaztea ez daiteke adin batez molda, eta, beraz, Johanek beste tanto eder birekin erantzun zion. Lapurtarra inongo konplexu barik mugitu zen kantxan, gorputza sendo eta odola azkar, abiadura eta errematea uztartuz.
Hurrengo tantoan, Erkiagak kale egin zuen, miarriztarraren sakera airez sartzerakoan, eta jarraian ezbeharrak Lopezen atera jo zuen. Errebeskada batean asmatu asmoz, gipuzkoarrak xisteraren uztaia puskatu zuen, eta bere ordezkoagaz baina baldintzatuta egin zuen aurrera. Sorozabaldarrek lau tanto biribildu zituzten erreskadan, eta Lopezek berriro aldageletara irtenaldia egin behar izan zuen, bere lehen zesta konpondua berreskuratzeko. Baina kirol hau zuzen esplikatzia hein bat gogor da sarritan, eta, 12 eta 8koan, guztiz apurtu zitzaion.
Piloteoa lagun eta Gorka kantxaren zati handi baten jabe zela, anaiek aldeak marduldu baino ez zituzten egin. Sobera zekiten erituko zirela bustiz geroztik, eta arrisku egoera ororen aurrean ahal bezainbeste defendatzen saiatu ziren. Erkiagaren erreboteak punpa-laster eroan zituen atzelariak, eta Johanek, ostera, aurrealdean suertatu zitzaizkion erremate aukerak probestu zituen. 15 eta 8koagaz nagusitu ziren lapurtarrak.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Berdinketa haustean, Johanek eta Erkiagak tanto ederrak txandakatu zituzten. 1 eta 3koa aipagarria izan zen: Johanek zortziko koadrotik jaurtitako dejada distiratsua. Lopezek, bere aldetik, hutsegite pare bat izan zuen, baina Erkiaga arduratu zen partiduaren elektrizitatea alde bitara ekualizatzeaz. Ispastertarrak sake-errestoan tantoa egin zuen lehenik, eta errebotez jarraitu zuen gero. 3 eta 4ko markagailuagaz, aurrelaria, kale ala bale egiteko berdinketa ezarri guran, arriskatu egin zen: errebotez horma bitara jaurti zuen pilota, baina ozta-ozta jo zuen txapan.
Kasualitaterik ez.
Daniako frontoia moduko mugarri esanguratsuan garaipen itzela lortu zuten Sorozabal anaiek. Gorkak atzelarien artean bere tokia duela sobera frogatu zuen, Lopezen erretiroaren zeruertzean; Johanek Eusko Label Winter Seriesaren finalean kantxaratutako jokoa lehia bakarreko kontua baino gehiago izan zela azaldu zion publiko estatubatuarrari. Miarriztarrak astebetean Grand Slam bi poltsikoratu ditu, hain zuzen.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Beteranoek ere txalo zaparrada jaso zuten, hainbeste eman dieten frontoian. Euskal Herriko mugez bestaldeko zesta-puntarentzako oholtza garrantzitsua da Florida hegoaldekoa, eta igarri zen bertako zestazaleek pasio handiz bizi dutela Biscayne Kopa. Maisu zumaiarrak, txapelketa garaipenetik at biribildu izanagatik ere, jesarlekuetatik altxarazi zituen ikusleak. Nekez bihurtzen baita zaharra arbola.