"Garbiketa borrokan" lelopean atera dira kalera garbikuntza sektoreko langileak
Ondarroan elkarretaratzea egin dute Artibai egoitza aurrean. Bihar [otsalak 25] ere greba eguna izango dute eta martxoan beste hiru egun deitu dituzte: 16, 17 eta 18.
Bizkaiko garbikuntza sektoreko langileak greban daude gaur [otsailak 24], eta biharko [otsailak 25] eta martxoaren 16,17 eta 18rako ere egin dute deialdia. Abenduan hasi ziren greba zikloarekin, eta urtarrilaren 14an eta 15ean ere kalera atera ziren; izan ere, iazko urtarrilean hasi ziren hitzarmena negoziatzen, eta ASELBI-CEBEK eta ASPEL patronalek uko egin zioten negoziazioari. Honen aurrean, Ondarroako Artibai egoitzaren aurrean batu dira gaur, Garbikuntza borrokan lelopean, garbitzaileen eskubideak aldarrikatzeko.
LAB Sindikatuak adierazi duenez, patronalaren “xantailaren” aurrean, langileen lan osasuna eta gutxieneko soldata duinak bermatzea “beharrezkoa” da: “Patronalak baja osagarriak ezabatu nahi ditu sektorearen soldata igoeraren truke, eta bajak ezabatu ezean, ez du hitzarmena sinatuko. Xantaila honen aurrean ez dugu onartuko atzera urratsik”.