Kirolur erronka, Bizkaiko udalerriak mugiarazteko prest
Aldundiak Kirolur erronka, Bizkaiko udalerrien arteko kirol liga, plazaratu du. Jarduera fisikoa sustatu asmoz, 39 udalerrik parte hartuko dute, desplazamendu aktiboa eskatzen duten kirol alorrak praktikatuz. Puntuazio sistema doitua izango du, urteko hiru alditan banatutako egutegiagaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolur erronka abiatu du: Bizkaiko udalerrien arteko kirol liga. Teknologian oinarrituriko ekimena izango dela aurreratu dute, izaera parte hartzaile eta kolektiboduna izango dena eta herritarren artean jarduera fisikoa bultzatzeko jomuga izango duena. Dagoeneko, 39 dira egitasmoan parte hartzeko izena eman duten udalerriak eta, tartean, bai Busturialdeko, bai Lea-Artibaiko ordezkaritza dago.
Busturialdetik, Bermeo, Errigoiti eta Mundaka izango dira parte hartzaileak; Lea-Artibaitik, ostera, Markina-Xemein eta Ondarroa. Gainontzeko udalerri bizkaitarrak honakoak dira: Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Arrigorriaga, Artzentales, Barakaldo, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Galdames, Getxo, Gordexola, Gorliz, Gueñes, Karrantza Harana, Lanestosa, Leioa, Maruri-Jatabe, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Turtzioz, Urduliz, Urduña, Usansolo, Zalla eta Zierbena.
Herrietako bakoitzak talde bat osatu beharko du, eta izena emandako herritarrek egindako kilometro aktiboen erregistroan oinarrituko den liga batean parte hartuko dute; jarraipena, hain zuzen, jarduera fisikoaren jarraipena egiteko hainbat gailu zein plataformarekin bateragarria izango den aplikazio mugikor batekin egingo dute. Sailkapen sistemari dagokionez, haztapena aplikatuko du, biztanleriaren arabera; hala, tamaina desberdineko udalerrien arteko lehiaketa orekatua izan dadila bilatuko dute.
Desplazamendudun jarduerentzat.
Sustatzaileek argitu dutenaren arabera, lehiaketan ez du edozein jarduera motak balioko: desplazamendu aktiboa eskatzen dutenak eta GPS bidez neur daitezkeenak aintzatetsiko dituzte, zehazki, oinez ibiltzea, korrika egitea edota bizikletaz mugitzea. Erregistratutako kilometro bakoitzak puntu bateko balioa izango du, baina aipatutako diziplina fisikoetako bakoitzari balorazio doitua esleituko diote. Kirolur erronkak hiru alditan egituratutako urte osoko egutegia edukiko du: udaberrikoa, apirilaren 15etik maiatzaren 17ra bitartekoa; udakoa, ekainaren 15etik uztailaren 15era artekoa; eta udazkenekoa, irailaren 23an hasiko eta urriaren 23an burutuko dena.
Udalerriek izena eman ostean, parte hartzaileak izango dira gauza bera egin beharko dutenak. Horretarako, Wellk aplikazioa aktibatu beharko dute, beraien kilometro aktiboak zenbatzeko eta, modu horretara, udalerriarentzako puntuak bildu ahal izateko. Aldundiaren Kirol Zerbitzua udalerri bakoitzarekin hartu-emanetan ipiniko da datozen egunetan, antolakuntza bilerak egite aldera. Elkargune horietan azalduko zaizkie zehazki ekimenak zer nolako funtzionamendua izango duen, baita sari sistema zelakoa izango den ere.