Lekeitioko kirol portuan gertatutako lapurretak salatu dituzte
Internet ezagatik ateak zabalik geratu dira, eta kirol portuko zenbait erabiltzailek lapurretak salatu dituzte. "Haserrea eta segurtasun falta" sumatu dute portuko erabiltzaileek.
Aurreko astean, Lekeitioko portuak Internet eta telefono konexio arazo larriak izan zituen. Egoera horren ondorioz, portuko sarbide-ateak zabalik geratu ziren denbora batez. Larrialdi egoerak saihesteko helburuarekin, Euskal Kirol Portuak hedabide honi azaldu dionez, protokoloaren arabera, Internet, konexio edo telefono arazoak gertatzen direnean portuko ateak automatikoki zabalik geratzen dira, inor portu barruan edo kanpoan harrapatuta gera ez dadin eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Hala ere, egoera horrek segurtasun-arrakala bat sortu zuen, eta horren ondorioz, lapurrek portura sartzeko aukera izan zuten. Zenbait itsasontzik lapurretak jasan zituzten, eta ontzien jabeak domekan [otsailak 22], konturatu ziren gertatutakoaz portura hurbildu zirenean.
Euskal Kirol Portuak erabiltzaileei jakinarazi dienez, laguntza eskaintzeko prest dago, eta horretarako portuan dauden segurtasun-kameretako irudiak eskuragarri jar ditzake. Hala ere, irudi horiek eskuratu ahal izateko, beharrezkoa da erabiltzaileek aurrez lapurretaren salaketa aurkeztea Ertzaintzan, indarrean dagoen prozedurari jarraituz.
Gertatutakoak haserrea eta segurtasun-gabezia sentsazioa eragin ditu portuko erabiltzaileen artean. Izan ere, hainbat erabiltzailek adierazi dute Lekeitioko portua kirol portu bihurtu zenetik ez zutela beharrezkotzat jotzen itsasontzien aseguru berezirik kontratatzea, portuko sarbide-kontrolak, ateak eta segurtasun-neurriak nahikotzat hartzen baitzituzten babes gisa. Orain, ordea, azken gertakariek portuko segurtasun sistemaren eraginkortasunari buruzko zalantzak piztu dituzte erabiltzaileen artean.