LGTBIQ+ bizitzak eta errealitateak bistaratzeko proiektua jarri dute martxan Ondarroan
Ondarroako Udalak eta Eihera Kooperatibak herriko LGTBIQ+ pertsonen bizipenak entzun, jaso eta aitortzeko helburuagaz, memoria kolektiboa osatu eta mugimenduaren indartzea sustatuko duen proiektua abiarazi dute.
Iñi Etxezarreta, Unai Rivera eta Naiara Burgoa. Ondarroako LGTBIQ+ pertsonen errealitateak erdigunean jartzeko eta herri mailako narratiba kolektiboagoak eraikitzeko proiektua abiarazi dute Ondarroako Udalak eta Eihera Kooperatibak. Diagnostiko hutsetik harago, “memoria, aitortza eta erreparazioa” ardatz hartuta, udalerrian eragina izango duen prozesua garatzea da proiektuaren helburua.
Ondarroako Udaletik, Eihera Kooperatibagaz harremanetan jarri ziren, “erakundeetatik ere LGTBIQ+ errealitateak begiratzea” beharrezkoa zela ikusten zutelako. “Orain arte udaleko Berdintasun Sailetik emakumea jarri dugu beti erdigunean. Eta, nahiz eta horretan jarraituko dugun, LGTBIQ+ kolektiboari merezi duen tokia emateko sasoia da”, azaldu du Naiara Burgoa Berdintasun zinegotziak.
Proiektuaren nondik norakoak zehazteko, bai Eihera Kooperatibatik, bai udaletik hausnarketa berbera partekatu dute hasieratik: jauzia “kualitatiboa” izatea nahi zuten. “Ohiko diagnostikorik ez genuen egin nahi. Izan ere, ohiko diagnostikoek arriskua izan dezakete indarrak sakabanatzeko edo jada identifikatuta dauden ondorioetan geratzeko. Garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren kirolean, kulturan edota hezkuntzan dauden errealitateak, baina proiektu honetan pauso bat harago joan nahi genuen, bizipenak erdigunean jarri eta herri narratiba kolektiboagoak eraiki”, adierazi du Eihera Kooperatibako kide den Iñi Etxezarretak. Hain zuzen ere, Eihera Kooperatibako Etxezarreta eta Unai Rivera dabiltza proiektua aurrera eramaten.
Beraz, LGTBIQ+ bizitzak erdigunen jartzeaz gain, mugimendua bera indartzea ere bada helburua, “muskulatura sendotzea”. Izan ere, Etxezarretak azaldu duenez, prozesua herriko sexu eta genero disidenteen mugimenduarekin izandako “elkarlan eta interlokuzioaren” ondorio ere bada: “Ezinbestekoa izan da eta izaten ari da beraiekin harremana edukitzea. Proiektu horrek, erakundeetatik harago, mugimenduaren indartzea ere bilatzen du, jakina”.
Burgoak nabarmendu du Ondarroa, “herri irekia” dela esan ohi bada ere, horrek ez duela esan nahi “askatasun osoz” bizi denik sexu eta genero disidentzia: “Ondarroa ez da herri isolatu bat: munduaren parte da, eta oraindik pauso asko daude egiteko”.
Bide horretatik, “epe luzeko proiektua” dela azpimarratu du Burgoak: “Proiektuaren helburua ez da datu bilketa huts bat egitea, ezta kanpaina bat osatzea ere. Ondarroako LGTBIQ+ pertsonei lekua ematea da xedea, aitortza egitea, eta herriko memorian jasotzea”. Urtebeteko epealdia izango du proiektuak eta, Etxezarretak zein Burgoak azaldu bezala, “oraindik ikusteko dago zein forma hartuko duen azkenengo emaitzak”.
Hiru fase. Proiektuak hiru fase izango ditu: identifikazio fasea, gerturatze eta entzute fasea eta itxiera eta itzulera fasea. Identifikazio fasea amaitutzat eman dute biek: “Lehenengo fasean, herriko eragile eta profil ezberdinekin mapa bat osatu genuen, gerturatu ahal ginen pertsonak eta kolektiboak kokatzeko. Momentu honetan bigarren fasean gaude: gerturatze eta entzute fasean. Fase honek hiru kanal ezberdin izango ditu. Bata, banakako elkarrizketena izango da, eta une honetan horretan gabiltza, lehenengo fasean identifikatutako pertsona edo kolektiboak elkarrizketatzen. Bigarren kanalari dagokionez, espazio kolektibo bat edo batzuk sortuko ditugu, eztabaida zehatz batzuk emateko. Eta, hirugarrenari erreparatuz, QR kode bat ahalbideratu dugu herritarrentzat, heltzea zailagoa den jendearengana heldu eta izena eman dezaten”.
Hirugarren fasean, itxierakoan, jasotako guztia ordenatu eta udalarekin partekatuko dute kooperatibako kideek, eta azkenengo emaitza kanpora begirakoa izango dela azaldu dute: “Oraindik zehaztu gabe dago zein formatutan aurkeztuko den, baina herri mailan eragina izatea bermatu nahi dugu”.
Prozesu guztian konfidentzialtasuna eta anonimotasuna uneoro bermatuta egongo direla azpimarratu dute Etxezarretak eta Burgoak: “Parte hartzaileen izenak ez dira publiko egingo, eta, kanpora begirako emaitzetan agertuko balira, bestelako izenekin edo baimenarekin soilik izango litzateke”.
Herritarren parte hartzea, giltzarri. Bi aldeek azpimarratu dute proiektuak herritarren parte hartzea behar duela, “herritarrentzat sortutako ekimena” delako. Horregatik, herritarrak parte hartzera animatu dituzte, norbanako gisa zein kolektibo moduan, “baita kolektiboko kide ez diren baina inguruan LGTBIQ+ errealitatea bizi duten pertsonak ere”.
Burgoak adierazi bezala, “helburua ez da propaganda egitea, herrian eragitea eta inpaktu bat sortzea baizik”.