34 harri jasotzailegaz, Harri Herri Txapelketa hartuko du Etxebarriak
Barikuan eta zapatuan [otsailak 27 eta 28] ETBren Hari Herri saioko kanporaketa bat jokatuko dute Etxebarriko frontoian. Sarrera librea edukiko du.
Punta-puntako harri jasotzaileak Euskal Herriko herri txikietan elkartzen ditu ETBren Harri Herri saioak, eta Etxebarriaren txanda izango da hurrengoa. Barikuan eta zapatuan [otsailak 27 eta 28] uneko harri jasotzailerik onenak ikusteko aukera egongo da Etxebarriko pilotalekuan. Etxebarriko Udalak jakitera eman duenez, sarrera librea edukiko du ekitaldiak.
ETBk duela bi urte ipini zuen martxan saioa, eta unean uneko harri jasotzailerik onenak elkartu ditu ordutik. Lau taldetan banatuta lehiatzen dute kirolariek, eta hamazazpina gizon eta emakume elkartzen ditu txapelketak; hainbat kanporaketa jokatuko dituzte harri jasotzaileek martxoaren 7ko finala baino lehen. Hala, barikuan [otsailak 27] 19:00etan hasiko da lehia, eta emakumeen txanda izango da. Honako harri jasotzaileek parte hartuko dute: Maddi Gesalaga (Neguko Harri Herri saioko irabazlea), Patricia Martin, Estefania Etxebeste, Olaia Esnaola, Lierni Osa, Ane Atxutegi, Eider Garcia Durana, Ainitze zumeta, Ane Cestau, Leire Olea, Sara Jimenez de Aberasturi, Malen Morandeira, Naroa Arruti, Elene Ostolaza, Alba Zubiria eta Maddi Salterain.

Maddi Gesala, Neguko Harri Herri saioko finalean.ETB
Zapatuan [otsailak 28], 19:00etan, ostera, gizonezkoen txanda izango da. Euren onena ematera irtengo dira Aimar Galarraga, Xabier Aranburu Guzta, Jon Unanue Goenatxo III, Mikel Lopetegi Urra (Neguko Harri Herri saioko irabazlea), Hodei Iruretagoiena Izeta IV, Gari Garmendia, Oier Azpeitia, Jon Gisasola, Xabat Olaizola, Beñat Telleria, Gorka Etxebarria, Oskar Aguas, Eneko Bilbao, Imanol Royo Lartain eta Aratz Zubeldia.
Herri txikiei, bultzada. Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea pozik agertu da ekitaldia herrian antolatzearekin: “Gure herria herri txikia da, eta alde batetik, ekimen ona da gurea bezalako herri txikiak ezagutzera emateko. Bestalde, Etxebarria herri kirol munduko herria denez, gustura hartzen ditugu herrian halako ekitaldiak”. Hala, Iriondok gogorarazi du ETBk sei astelehenetan emango dituela Harri Herri txapelketako kanporaketak eta finala, eta tartean egongo da Etxebarriko saioa ere.