Ongizate emozionala landu dute Beti Jai jubilatuen elkarteko kideek
Datozen hilabeteetan emozioei buruzko beste saio bat egingo dute ongizate emozionalean aditua den Iratxe Etxebarriaren eskutik.
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteak zahartzaroan ongizate emozionala lantzeko ikastaroa egin zuen atzo [otsailak 24], ongizate emozionalean aditua den Iratxe Etxebarriaren eskutik.
Zortzi lagun inguru batu ziren eta zahartzaroan jarri zuten fokua: “Zahartzarora heltzean bizi ditugun aldaketei buruz aritu ginen. Izan ere, behin erretiroa hartuta, denbora norbere esku gelditzen da; ordura arte gure bizitzako denbora lanak egituratzen du eta hortik aurrera beste zerbaitek egituratu behar du. Eta, askotan, ez dugu jakiten nola egin”. Horrez gain, “bizipozarekin konektatzea” ere izan zen atzoko saioaren helburua: “Bakoitzaren beldur eta zalantzak elkarbanatzeaz gain, bizipozarekin konektatzearen garrantzia ere azpimarratu genuen”.
Atzoko saioa egin ostean, datozen hilabeteetan beste ikastaro bat burutuko dute: “Hurrengo saioa emozioei buruzkoa izango da: zer esaten digute emozioek? zer mezu dakarte? Zer egin dezakegu emozioen aurrean?”.