Debabarrenako herriarteko bertso txapelketako bigarren kanporaketa lehiatuko dute barikuan
Joan den barikuan lehiatutako lehenengo kanporaketan txapelketatik kanpo gelditu zen Mutrikuko Arnoate taldea. Bihar [otsailak 27], bigarren kanporaketan, Alkolea taldearen txanda izango da.
Soraluzeko saioan parte hartu zuten bertsolariak.Bertsozale Elkartea. Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako Debabarrenako kanporaketari ekin zioten joan den barikuan Soraluzen. Lehenengo kanporaketan, Mutrikuko Arnoate taldea Eibarko Xarmaginak taldearen aurka aritu zen, eta txapelketatik kanpo gelditu ziren mutrikuarrak. Hala, bihar [otsailak 27] bigarren kanporaketa ospatuko da Eibarren, eta oraingoan, Alkolea taldearen txanda izango da.
20:15ean emango diote hasiera herriarteko kanporaketari, eta mutrikuarrak Soraluzeko BertSora taldearen aurka arituko dira, “lehia eta jolasa uztartuz“. Iñigo Arrizabalaga, Peru Vidal eta Malen Aldalurrek osatuko dute Alkolea taldea, eta Gaizka Azkarate, Arrate Gisasola, Amaia Palazuelos, Josune Aramendi eta Eneko Beretxinaga izango dira BertSora taldeko bertsolariak. Horrez gain, Maialen Bergara ariko da gai jartzaile lanetan eta Abel Irizar, Amaia Argarate eta Peru Alberdi izango dira epaileak.
Kanporaketa irabazten duen taldeak maiatzaren 14an jokatuko du finala Eibarko Xarmaginak taldearen kontra, Mutrikuko gaztetxean. Gainera, bertso saio hutsetik haratago 18:30ean emango diote hasiera egitarauari, trikipoteoarekin, eta ostean, 20:00etan, jokatuko da finala.