Euskotren Winter Seriesa hazi egingo da bere laugarren ekitaldian
Emakumezkoen txapelketarik handiena hartuko du, martxoaren 2tik 23ra artean, Durangoko Ezkurdik. Lau bikotetik seira hazi da lehia, jardunaldi bat gehiagorekin. Bonu zein sarrerak eskuragarri daude.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Durangoko Ezkurdi pilotalekua emakumezkoen zesta-puntaren gotorleku bihurtuko da martxoan zehar. Bertan jokatuko dute Euskotren Winter Series txapelketa, hilaren 2tik 23ra bitartean. Laugarren ekitaldia izango da aurtengoa, lehiaketaren hazkundearena: lau bikotetik seira igaroko dira, eta jardunaldi bat gehiago jokatuko dute. Hitzordu esanguratsua izango da, halaber, emakumezkoen Jai Alai Ligaren bilakabideari dagokionez. Izan ere, Berriatuko Master Serriesaren ondoren, bigarren txapelketa izango dute protagonistek, eta sailkapeneko lehendabiziko postuak puntu aldetik berdindurik daude. Ikusleek sarrerak nahiz lehiaketa osorako bonuak salmentan dituzte dagoeneko, Eraman Jai Alairen web orrialdean.
Jokatuko duten sei bikoteetako bik zuzenean finalaurrekoetan helduko diote txapelketari: alde batetik, iazko txapeldunek, etxeko puntista Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak; bestetik, iazko finalista Elaia Gogenola berriatuarrak eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak. Azken horrek, hain zuzen, erabat begiz jota izango du Ezkurdiko borroka, azken ekitaldi bietan ezin izan baita bertan egon, epe luzeko min hartze baten erruz. Gainontzeko bikoteak ere ez dira inolaz ere maila apalagodunak izango: Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak Oaia Otaño mutrikuarrarekin batera jokatuko du; Ihart Arakistain sopeloztarrak, Maia Goikoetxea berriatuarragaz; Erika Mugartegi markina-xemeindarrak, Frida Watkins zumaiarrarekin; Lur Lejardi markina-xemeindarrak, Maialen Aldazabal berriatuarrarekin.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Master Series mailako txapelketa izanik, garaileek 1.000 puntu poltsikoratuko dituzte; finalera heltzen den beste bikoteak, ostera, 600eko uzta jasoko du. Finalerdiak gainditzen ez dituztenek eta final-laurdenetan lehiaz kanpo geratzen direnek, hurrenez hurren, 360 eta 180 puntu eskuratuko dituzte. Erika Mugartegi eta Arai Lejardi dira txapelketaren eztia dastatu duten puntistak: 2023an elkarrekin jokatuz irabazi zuten. Hurrengo urtean, Mugartegik Aldazabal bikotekide zuela jantzi zuen txapela. Iaz, Lejardik Barrenetxearekin batera jaso zuen garaikurra. Berriatuko Master Seriesaren ostean, Goikoetxeak zein Lur Lejardik 1.000 puntu dituzte; Arakistain eta Arai Lejardi 600ekin berdinduta daude; Gogenola, Mugartegi, Lizardi eta Alize Arriaga, 360rekin. Durangoko zita, horrenbestez, giltzarri izango da, sailkapena argitzeko.
Hurrengo astelehenean [martxoak 2], final-laurdenen txanda izango da: Ortiz de Mendibilek eta Otañok Arakistainen eta Goikoetxearen kontra jokatuko dute, 19:00retan hasita. Hurrengo astelehen bietan, aldiz, finalaurrekoak jokatuko dituzte: martxoaren 9an, Gogenolak eta Lizardik Mugartegi-Watkins edota Lur Lejardi-Aldazabal bikotea izango dute arerio; hilaren 16an, Barrenetxeak eta Arai Lejardik Ortiz de Mendibil-Otaño edo Arakistain-Goikoetxea bikotearen kontra jokatu beharko dute. Hala emakumezkoen, nola gizonezkoen finalak martxoaren 23an jokatuko dituzte; bai finalerdiak, bai finala zuzenean emango dituzte, 22:20an hasita, EITB1en.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Debuta eta itzulera.
Hain zuzen, gizonezkoen lehiak ere edukiko du gatzik eta piperrik: Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindar gaztearen debuta hartuko du Ezkurdik. Daniako denboraldia biribildu ondoren, ligako pilotari titular izatera igaroko da Mugartegi, eta Eraman Jai Alai enpresarekin jokatuko du 22 urteko adindun atzelariak. Gainera, eskarmentu gehien duen puntistetako bat izango du bikotekide: Aritz Erkiaga ispastertarra.
Mikel Mantzisidor mutrikuarraren itzulera txapelketa ere izango da. Abendutik abdomen aldean min hartuta egon da atzelaria, eta hark Eusko Label Winter Seriesetik aldendu zuen; Ludovic Ladutxe getariarra izango du bidelagun. Biscayne Kopatik itzuli den beste puntistetako bat, Jai Alai Ligako lider Unai Lekerika gernika-lumotarra, Eñaut Urreisti mutrikuarrarekin batera ariko da. Azkenik, Jean Dominique Olharan pauetarrak Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrarekin jokatuko du. Gizonezkoek finalerdietatik abiatuta helduko diote txapelketari, martxoaren 9an. Erkiagak eta Mugartegik Ladutxe eta Mantzisidor edukiko dituzte aurrez aurre. Martxoaren 16an, Olharanek eta Zabalak Urreistiren eta Lekerikaren kontra neurtuko dituzte indarrak.