Geoparkeak eta Mutriku, Deba eta Zumaiako Udalek irudi bateratu berria aurkeztu dute
"Lurraldearen nortasun partekatua indartzea" eta turismo kudeaketa Geoparkearekin lerrokatzeko helburuarekin sortu dute irudi bateratu berria.
Marka bateratua aurkeztu dute. Geoparkea. Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Zumaia, Mutriku eta Debako Turismo zerbitzuek irudi bateratu berria aurkeztu dute, lurraldearen nortasun partekatua indartu eta turismo kudeaketa Geoparkearenarekin lerrokatzeko helburuekin: “Lurraldearen nortasun partekatua indartzeko urrats estrategikoa da berrikuntza hau eta erakunde horien balioekin koherentea, ezaguna eta lerrokatua den irudi bat sortzea du helburu”.
Ekimenak “zuzenean” eragiten die Mutriku, Deba eta Zumaia udalerriei, orain arte bakoitzak bere marka propioarekin jardun baitute turismo sustapenean. Hala, hemendik aurrera, hirurek partekatuko dute oinarri bisual bera, “bakoitzaren izaera propioa mantenduz”. Izan ere, Geoparketik azaldu dutenez, logotipo berriak udalerrien nortasuna definitzen duten elementuetan oinarritzen dira: “Deba turbida horia kolorearekin bat dator, flyschari aipamena eginez; Mutriku marinel izaerari lotutako urdinarekin irudikatzen da; eta Zumaia, Algorriren kolorea gogorarazten duen laranja kolorearekin”.
Leire Barriuso Astigarraga Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerenteak markaren irudi berria “logotipo aldaketa bat baino askoz gehiago” dela azpimarratu du: “Lurralde bakar baten nortasun partekatua eta Geoparkea eta bere udalen arteko lankidetza estua bisualki adierazteko modu bat da”. Gainera, Barriusok azpimarratu du, irudi komun bat izateak “modu argiagoan eta kohesionatuagoan” komunikatzea ahalbideratzen diela Geoparkeari eta hiru udalerriei: “Zehazki, nor garen, zein balio defendatzen ditugun eta ondare geologikoaren babesarekin eta lurraldearen garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoa zein den”.
Horrez gain, marka berriarekin Geoparkearen eta udalerrien “ikusgarritasuna hobetuko” dela azaldu du: “Horrez gain, komunikazio argiagoa eta sendoagoa erraztuko da, bai tokian-tokian, bai estatuan eta nazioartean. Hemendik aurrera, logotipo berria pixkanaka aplikatuko da euskarri instituzionaletan, seinaletikan, turismo-materialetan, argitalpenetan eta kanal digitalean”.
Bestalde, marka berria “lan bateratu eta adostu baten emaitza” dela nabarmendu dute Geoparkeak eta hiru udalerriek, eta “lau erakundeen arteko lankidetza indartzen” duela azpimarratu dute: “Gainera, lankidetzan eta ingurunearekiko errespetuan oinarritutako etorkizuneko ikuspegi komuna sendotzen laguntzen du. Irudia berritzea ez da soilik aldaketa estetikoa, baita estrategikoa ere: nor garen, zerk egiten gaituen bakar eta nola jarraitu nahi dugun geoturismoan eta jasangarritasunean erreferentea den lurralde gisa aurrera egiten erakusteko“.