Naia Arantzamendi: "Baigorrik eskuak zabalik hartu nau"
Geuretik Sortuak egitasmoko egonaldian sortu du bere lehen ipuina Naia Arantzamendi ondarrutarrak, eta beste hamaika sortzailegaz batera, 'Hamaika irakurtzeko jaioak' ipuin bilduma osatu du.
Hamabi sortzailek osatutako Hamaika irakurtzeko jaioak ipuin bilduman parte hartu du Naia Arantzamendi ondarrutarrak, eta Baigorrin egindako hiru asteko egonalditik sortu du bere lehenengo ipuina. Ipuineko protagonista den Maixanek bizitzeko moduaz, ogibideaz eta herrira bueltatzeko hautuaz hausnartzen du istorioan.
Hamaika irakurtzeko jaioak ipuin bilduma aurkeztu duzue. Zelako harrera izan du liburuak?
Aurreko astean aurkeztu genuen, baina oraindik ez da heldu liburu dendetara. Hala ere, aurkezpenean harrera oso ona izan zuen ipuin bildumak. Hamaika ipuin ondu ditugu hamabi sortzailek, eta oso ezberdinak dira beraien artean; beraz emaitza ere borobila izan da. Pozik gelditu gara gu.
Hamaika ipuin daude bilduman, hamabi lagunek osatuta. Zuk, zurea osatzeko Baigorrin egin zenuen egonaldia. Nolakoa izan zen esperientzia?
Iazko maiatzean egon nintzen Baigorrin. Sortzaile bakoitzak egonaldia nahi bezala antolatzeko aukera zeukan, herritarrekin hitz eginda, eta nik hiru aste jarraian egitea aukeratu nuen. Nire esperientzia oso aberasgarria izan da; esperientzia berria izan da, normalean, horrelako egonaldiak ez baitira egiten. Hiru aste norbere buruarentzat idazteko eta herria ezagutzeko edukitzea aukera izugarria da!
Zer eman dizu Baigorrik?
Herritarrek harrera oso ona egin didate; Baigorrik eskuak zabalik hartu nau. Herri txiki batera joan nintzen (1.527 biztanle), eta bertan, ni nintzen pertsona berri bakarra. Denek ireki zidaten atea, denak zeuden oso zabalik norbait herrian hartzeko, baita herria erakusteko ere. Uste dut Baigorrik itzultzeko leku bat eman didala. Hasieratik iruditu zait leku berezia. Hasieran, agian, erakargarria egiten zitzaidan mendiz inguratuta dagoelako, euskalkia ere oso polita daukatelako, baina hain eroso sentitu naizenez, egonaldia egin ondoren, beste hiru aldiz egin dut buelta.
Herritarrekin harremanetan egon zara etengabe, beraz.
Bai, Baigorrin egon nintzenean, elkarrizketak egin nizkien herritarrei, nik jorratu nahi nuen gaiaren bueltan. Adibidez, beste herri batetik joandako neska batekin hitz egin nuen, Baigorrin negozioa zabaldu duen neska batekin. Bertako ardotegiko familiarekin ere egon nintzen, familia egitura horrek nola funtzionatzen zuen ikusteko. Gero, euskara elkarteko neska batekin ere egon nintzen. Orokorrean gazteekin egon nintzen, nire gaia belaunaldi aldaketetan zentratua baitzegoen. Egunerokotasunean herritarrekin ere baneukan harremana, eta jendea ezagutu dut.
Laborantza eta belaunaldi aldaketa dauzka oinarrian zure ipuinak. Zer irakurriko du irakurleak?
Nik sortu dudan ipuineko protagonista Maixan da. Baigorriko neska gazte bat da, hirira joan dena lanera eta ikastera. Beraz, fokua belaunaldi aldaketan dago, baina gaur egungo bizi eredua dauka oinarrian. Hau da, gurpil batean bezala bizi gara, eta ez dugu hausnartzen zer den nahi duguna, edo zein erabaki hartu nahi ditugun. Beraz, aukera horren gaineko hausnarketa bat da: denbora bat hartzea zer nahi dugun pentsatzeko, nolako bizimodua nahi dugun, eta aurretiaz hausnartutako horri erreparatuz, zein ogibide nahi dugun. Guzti horri buruz Maixak egiten duen hausnarketa prozesua da ipuina.
Zein izan zen hasiera batean Geuretik Sortuak-en aurkeztu zenuen ideia?
Hasiera batean gai orokorrak eskatzen dituzte, ze, ez dakizu zein herrira bidaliko zaituzten. Beraz, belaunaldi ezberdinetako emakumeak batu, eta emakume horiek beraien artean dauzkaten berdintasunak oinarri hartuta, istorio bat idaztea izan zen nik aurkeztu nuen proposamena. Baigorrira heldu nintzenean, lehenengo sektorean lan egiten duten asko gazteak direla ikusteak arreta piztu zidan. Eta, orokorrean, gure inguruan gatazka hori beti dago, ezta? Erreleborik ez dagoela. Eta han ikusi dudana alderantzizkoa da. Beraz, nire lana hortik bideratzea pentsatu nuen, interesgarria iruditu zitzaidan-eta.
Zure lehenengo liburua da. Nola sentitu zara sormen eta idazketa prozesuan?
Desberdina izan da. Gidoigintzatik etorrita, literatura pasatzeak errespetua ematen zidan. Lehenengo zirriborroak idatzi nituenean, esaten nuen: ‘ez dakit zer nabilen egiten’. Baina, gero, idatzi ahala, irten egin zait. Eta, egia esan lehenengo feedbacka jaso nuenean konturatu nintzen ez nenbilela hain gaizki, kar-kar-kar. Gaur, adibidez, berriro irakurri dut eta ni pozik gelditu naiz emaitzarekin, eta hori da garrantzitsua.
Geuretik Sortuak-en ardatz bat euskara da. Non kokatzen da euskara zure sorkuntzan?
Hasiera batean, ez zen izan erabaki kontziente bat, baina lanean euskarak badauka bere garrantzia, baita bere lekua ere, zeharka bada ere. Baigorrin kokatutako istorioa da, eta herrian, egunerokotasunean elkarrekin bizi diren bi hizkuntza daude. Batak presentzia gehiago izan dezake besteak baino, baina nire istorioan euskaraz bizitzeko hautua egiten da. Azken batean, bi hizkuntza elkarrekin bizi direnean, eta baten aldeko hautua egitean, badauka garrantzia zure bizitza euskaraz egiteak, eta are gehiago, mugan dagoen herri batean.
Behin liburua aurkeztuta, zein da hurrengo pausoa?
Martxoaren 13an aurkeztuko dut nik Baigorrin nire ipuina, lehenengo aurkezpena egonaldia egindako herrian egiten baita. Gero, apirilean, Astigarragan aurkeztuko dut, eta azarora bitartean, Udalbiltzaren barruan dauden herrietan egingo ditugu aurkezpenak.