Libertimendutik dibertimendura, norbanakotik herrira
Ikusleak parte hartzaile bihurtu dituzte kokoxek, dantzariek, bertsolariek eta musikariek Markina-Xemeingo Dibertimenduan. Goikoportala goraino bete dute herritarrek Abarka Antzerki Taldeak eta Zerutxu Dantza taldeak antolatutako ikuskizunaz gozatzeko.
Goikoportalaren bueltan kokoxak, musikariak eta bertsolariak. Abarka Antzerki Taldea eta Zerutxu Dantza Taldea. Umeak, gazteak eta nagusiak. Eserita nahiz zutunik; aterkipenak nahiz euritan blai bustitzen. Zer distantzia dago ni-tik gu-ra, norbanakotik herrira?Ā abestu du Nerea Ibarzabalek bere azken bertsoan. Eta horixe egin dute Abarkakoek eta Zerutxukoek gaur [otsailak 28]: norbanakoaren eta herriaren arteko horma eraitsi.Ā
Bizkaiko lehenengo libertimendua izan omen da markina-xemeindarrekĀ DibertimendueĀ izendatu dutena. 11:00etan hasi dute eguna Xemeingo elizan, eta ordurako jende ugari egon da gaurko protagonisten zain. Heldu dira kalejiran dantzariak, kokoxak, hartza nahiz bertsolari eta txistulariak, eta batu zaizkie herritarrak nahiz ingurutik bertaratu diren ikusleak. Gaurko egunetik zer espero jakin barik, Zelai ingururako bidea hartu dute denek, eta lehenengo geldialdia bertan egin ostean, udal arraindegiaren parean Abarka Antzerki Taldeko gaztetxoen txanda izan da. Hor hasi da, hain zuzen ere, norbanakotik herrira dagoen distantzia gutxitzen. Herritar askori ezagun egin zaizkien poz, amorru, kezka nahiz eskaerak azaleratu dituzte kokox gaztetxoek, eta barre algara eta txalo zaparrada artean erantzun dute herritarrek.

Hormaren lehenengo adreiluak eraitsita, Goikoportalera kalejiran heldu dira denak. Han, herriko dantzen aberastasuna ikusteko aukera eman dute Zerutxuko dantzariek. Guztira bost dantza egin dituzte, bat edo beste, ikutu bereziekin: Xemeingo dantza, Mahai-gainekoa, Zaragi-dantza eta aurreskua alde batetik, eta IruƱeko Duguna Dantza Taldeko Aritz IbaƱezekin sortu duten makil-joko berri baten dantza, bestetik. Dantza eta dantza artean, Ibarzabalen eta Unai Iturriagaren bertsoez gozatu dute ikusleek, eta baita Abarkakoen hamaika esketx desberdinez ere; libertimenduen oinarrian dagoen satira, parodia eta kritika sozial zorrotz eta gogorra mahaigaineratu dute kokoxek, umore dosi egokiarekin nahastuta, eta barrura begira jartzeko uneak eskaini dituzte bertsolariek. Ez dute zalantzarako tarterik utzi: ume, gazte nahiz nagusi, denek eduki dute zer hausnartua gaur.
Hala, txalo zaparrada artean, elkarri eskutik heldu eta denek elkarrekin dantzatzeko gonbidapena luzatu du Ibarzabaek azken bertsoan, eta halaxe amaitu dute Dibertimendue: bi ordu eta erdiko jardunaren ostean, fandangoa, arin-arina eta kalejira dantzatu dute kokox, dantzari nahiz ikusleek, eta norbanako izatetik herri izatera dagoen distatzia desgarrerarazi dute une batez.

Espiritua, bizirik. Emanaldia amaitu den arren, Dibertimenduaren esentzia plazan, gorputzetan eta memorian geratuko da. Herri lanaren emaitza izan da gaurkoa, eta antolatzaileak pozik geratu dira lortutakoagaz. Ander Lipusek adierazi duenez, badute gehiagorako gogoa ere: “Uste dut libertimenduen espiritua hor dagoela, eta jakin izan dugula Iparraldetik hona, Markina-Xemeinera, ekartzen, elizako kanpai eta guzti, zeruko laino eta euri eta guzti. Oso pozik gaude: herriak erantzun du, eta parte hartu dugun denok oso-oso pozik egoteko moduan gaudela uste dut. Lehenengoa izan da, eta espero dugu azkena ez izatea“.