BertSora eta Xarmaginak taldeak aurrez aurre ariko dira Debabarrenako finalean
Alkolea talde mutrikuarra Soraluzeko BertSoraren aurkako kanporaketa parekatuan gelditu da finaletik kanpo.
Debabarrenako bigarren kanporaketa saioa Eibarren. Begipuntuan Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako Debabarrenako kanporaketak baditu finalistak: lehenengo jardunaldian Mutrikuko Arnoate taldea garaitu zuen Eibarko Xarmaginak taldea eta joan den barikuan Eibarren Alkolea talde mutrikuarraren aurka aritu zen eta saioa bereganatu zuen Soraluzeko BertSora taldea. Ondorioz, martxoaren 14an (zapatua) lehiatuko dute finala Mutrikuko gaztetxean; bertso saio hutsetik haratago 18:30ean emango diote hasiera egitarauari, trikipoteoarekin, eta ostean, 20:00etan, jokatuko da finala.
Iñigo Arrizabalaga, Peru Vidal eta Malen Aldalurrek osatu zuten Alkolea taldea, eta Gaizka Azkarate, Arrate Gisasola, Amaia Palazuelos, Josune Aramendi eta Eneko Beretxinaga izan ziren BertSora taldeko bertsolariak. Gai jartzaile lanetan Maialen Bergara aritu zen eta Abel Irizar, Amaia Argarate eta Peru Alberdi izan ziren epaileak. Hain zuzen ere, jakinarazi dutenez, Soraluzeko taldea garaile izan arren, saioa “oso-oso orekatua” izan zen, “sekulakoa”. Gainera, hiru pertsonak lehenengoz kantatu zuten plazan, jendez beteta zegoen kirol klubean.
Lau fase.
Martxoaren 14ko finalarekin amaituko dute lau fasetan banatutako Herriarteko Txapelketa, eta Xarmaginak edo BertSora taldeak egingo du aurrera; izan ere, lehen fasea Gipuzkoako zortzi azpieskualdetan banatuta lehiatu dute (Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa) eta eskualde bakoitzetik banak egingo du aurrera.
Sailkatzen diren horiek bigarren fasea lehiatuko dute: lau saiok osatuko dute eta zortzi taldeetatik lau sailkatuko dira finalaurrekoetara. Bi saio jokatuko dira azken aurreko fase horretan, areto handiagoetan, eta erabakita geratuko da maiatzaren 30ean Aian lehiatuko duten finala. Finalaren egunak lehen fasearen esentzia mantendu nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan egingo dute. Finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa izan nahi du egun honek, elkargunea.