Oier Etxeberria Zubimendi nagusitu da XIV. Kalamuko Igoeran
Hamazortzi kirolarik egin dute tontorrerako bidea, Etxebarriko Gazte Asanbladak antolatutako kirol proban.
XIV. Kalamuko Igoerako irabazleakEtxebarriko Gazte Asanblada Kalamuko Igoera “berpiztu” zuten zapatuan [otsailak 28] Etxebarriko gazteek. Sei urteko etenaldia eta gero Etxebarriko Gazte Asanbladak martxan jarri du kirol proba berriz ere, eta “inoiz baino indartsuago” egin dute itzulera. 5,75 kilometroko ibilbidea menderatu zuten korrikalariek, eta 32 minutu eta 16 segunduko markarekin, Oier Etxeberria Zubimendi izan zen tontorrera heltzen lehena. Atzetik izan zituen Hasier Murua Perez eta Iñigo Lariz Azkue; 32 minutu eta 21 segundo eta 32 minutu eta 44 segundoko markekin, hurrenez hurren.
Aurreko edizioaren aldean, nesken parte-hartzeak gora egin du oraingoan. Bakarrak igo zuen tontorra iaz, hiruk, aurten. Irati Ortiz de Anda Martin izan zen lehena zapatuan, 38 minutu eta 36 segundoko markarekin. Atzetik zetozen Leire Cabo Garro eta Amane Sololuze Salaberriak ere tontorra eurenganatu zuten.
Proba amaitutakoan, pintxoak eta edariak eduki zituzten parte hartzaileek. Honen ostean egin zuten sari banaketa. Kalamuko Igoera gelditzeko itzuli da, eta berpiztutakoa mantentzeko asmoz, datorren urteko ediziora begira daude jada.