“Emakumeen emantzipazioa” helburu duen proposamen politikoa aurkeztu du Itaiak
Itaiako lehenengo kongresuan garatutako proposamen politikoa aurkeztu dute Ondarroan eta Mutrikun. Horrez gain, martxoaren 8an kaleak hartzeko deia egin du Itaiak.
Mutrikun Itaiak egindako aurkezpena. Itaia. Itaiak lehenengo kongresuan garatutako proposamen politikoa aurkeztu berri du Ondarroan eta Mutrikun. “Emakume langileek bizi duten zapalkuntzari” buruz hausnartu eta aurrera begira dituzten erronkak aurkeztu zituzten. “Gure asmoa, pausoz pauso, emakumeon emantzipaziora bidean bitarteko ezberdinak sortzen joatea eta geroz eta emakume gehiago borrokara batzea da”.
Itaiako kideak “pozik” agertu dira proposamen politikoak izandako harrerarekin, eta “lanean jarraitzeko gogotsu” daudela adierazi dute: “Bide horretatik, martxoaren 8an mobilizatzeko eta kaleak hartzeko deia egin nahi dugu. Egun hori borrokarako eguna izatea nahi dugu: emakume langileok jasaten dugun indarkeria matxistaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde”.
Martxoaren 8an “indarkeria matxistarekin amaitzeko beharra” mahigaineratuko dute; izan ere, azken urteetan indarkeria matxista “normalizatzen” ari dela azpimarratu baitute: “Horri gainera, erasotzaileen inpunitatea gehitu behar zaio”.
Beraz, martxoaren 8an 13:30ean deitu dute Ondarroako Zaldupeko zubitik abiatuko den
mobilizazioa: “Garrantzitsua da ideologia faxistaren eta matxistaren aurka kaleak hartzea eta antolatzea”. Horrez gain, duela bi asteko Sarrigureneko erailketa matxista salatu dute Itaiako kideek: “Nahikoa da. Indakeriaren aurpegi latz honek argi uzten du urgentzi
azkoa dela emakume langileon zapalkuntzaren aurka borrokatzea”.
