Lea Ibarreko gizarte zerbitzuen aurkezpena egingo dute Amoroton
Mankomunazgoko herritarrei informazio eguneratua eta eskura dituzten baliabideen berri emango die eguenean [martxoak 5], 18:00etan, udaleko pleno aretoan.
Lea Ibarreko Gizarte Zerbitzuek hitzaldiak antolatu dituzte mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietan, herritarren eskura dauden prestazio eta zerbitzuen berri emateko. Gizarte Zerbitzuak, zure ondoan lelopean, Amoroton egingo dute zerbitzuen aurkezpena eguenean [martxoak 5], 18:00etan, udaleko pleno aretoan.
Mendexan ere gizarte zerbitzuen aurkezpena izango dute martxoaren 18an, 17:00etan, udaletxeko ganbaran. Herritarrei gogorarazi nahi diete herriz herri dabiltzala, “informazioa, aholkularitza eta sostengua” behar duen orori emateko. Modu horretan, herritarrekin duten harremana “indartzeko” konpromisoa berretsi nahi dute. Helburua herritarrei laguntzea bada ere, bilerak langileentzat ere baliagarriak izango dira, “herritarren ardurak eta galderak zeintzuk diren jakiteko” eta beraiengana hurbiltzeko.