Ondarroako Torturatuen Sareak bilera irekia deitu du barikurako
Bileraren helburua tortura jasan duten ondarrutarrak identifikatzea da. Barikuan [martxoak 6] batuko dira Kofradia Zaharrean, 18:30ean.
Torturatuen Sareak azaroan egindako aurkezpena. Ondarroako Torturatuen Sarea. Torturaren Sareak bilera irekia egingo du barikuan [martxoak 6] Ondarroako Kofradia Zaharrean, 18:30ean. Ekimenaren helburua argia da: Ondarroan eta inguruan tortura jasan dutenak identifikatzea, eta honekin batera, sarea handitzea.
Sareko kideen arabera, “auzolan erraldoia” behar da oraindik identifikatu gabe dauden herritarrengana heltzeko. Gaur egun, 100 lagun baino gehiagoren fitxak dituzte osatuta Ondarroan, eta horietako batzuk dagoeneko aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzan, aitortzaren bidean pauso bat emateko. Hala ere, kalkulatzen dute herrian 300 torturatu inguru egon daitezkeela. “Horregatik, ondarrutarrei aurkezpenera joateko deia egin nahi diegu, denon artean herriko torturatuak identifikatzen jarraitzeko”. Orain arte identifikatutakoen zerrendak Garraxika eta torturaren aurkako taldeak ondutakoak dira duela zenbait urte: “Torturaren aurkako taldeak eta Garraxikak sortutako zerrendak erabili ditugu abiapuntu gisa, jendearengana heltzeko”.
Sarearen lan ildo nagusietako bat saretzea da Torturatu bat, karpeta bat dinamikaren bidez. Sareko kideek banatutako karpeta urdinaren barruan hiru fitxa ezberdin daude, eta galdetegi zehatz baten bidez pertsonaren espedienteak betetzen dituzte: “Galdetegia zehatza da: noiz izan diren torturatuak, nola, non, zein tortura mota jasan dituzten…”.
Aitortza da sarearen bigarren ardatza. Izan ere, sareko kideek nabarmendu dute urte luzeetan torturaren salatzen ukatuak izan direla, eta salatzaileek beraiek jasan izan dituztela ondorioak: “Orain da momentua ozen esateko: Euskal Herrian milaka lagun izan gara torturatuak”.
Eusko Jaurlaritzak, ofizialki, 260 kasu inguru onartu ditu, eta beste 400 ditu aztertzeko. Hala ere, Pako Etxebarriak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako azterlan zientifikoaren arabera 5.000 kasu torturatu baino gehiago daude: “Erreferentziatzat dugu Pako Etxeberriak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako azterlan zientifikoa; ikerketa horrek 5.000 torturatu baino gehiago dokumentatu zituen, babes instituzionalarekin. Hala ere, gaur gaurkoz, Torturaren Sarearen ustez, 10.000 lagunera iritsi liteke Euskal herrian tortura jasan dutenen kopurua”.
Prozesua “oso motel” doala salatu dute sareko kideek, eta horregatik, “espedienteen uholdea” eragin nahi dute: “Baliabide ekonomikoak falta dira, eta baita borondate politikoa ere. Horregatik, ahalik eta karpeta gehien aurkeztu, legea berriro ireki eta erreparazio neurriak zabaltzeko presioa egin nahi dugu”.
Errelatoa zabaldu. Saretik azpimarratu dute “torturatuen kontakizuna eraiki eta zabaltzea” dela beste helburu nagusietako bat:”Guk gure errelatoa zabaldu nahi dugu, ez prentsak, fiskalek, epaileek zein zenbait alderdi politikok esan dutena, ezer ez dela gertatu defendatu baitute urte luzeetan”. Sareko kideen arabera tortura “modu sistematikoan” erabili da herri baten aurka: “Gizarteak aitortza egin behar du, bai maila sozialean baita juridikoan ere”.
Zaintza, ardatz nagusia.Laugarren ardatza zaintza da. Izan ere, espedienteak irekitzeak oroitzapen gogorrak berpiztu ahal dituela azaldu dute Torturaren Sareko kideek. Horregatik, sarean bertan psikologoak daude, eta “elkar laguntzeko” espazio seguruak sortzea beharrezkoa dela azpimarratu dute: “Urte luzez kontatu ez dena kontatzeak min handia eragin dezake. Torturak marka sakona eta luzea uzten du. Gure arteko zaintza ezinbestekoa da”.
Beraz, barikuko bileraren bitartez, Torturatuen Sareak identifikatu gabe dauden herritarrengana iritsi nahi du, eta sarea zabaltzen jarraitu: “Ondarroan jende asko dago torturatua izan dena. Eta gure helburua ahalik eta pertsona gehiengana heltzea da; auzolanean memoria, aitortza eta zaintza uztartzen dituen sare sendo bat eraikiz”.