Markina-Xemeingo ikasleek lehen saria lortu dute First Lego League txapelketan
4 eta 16 urte bitarteko gazteak zientzia eta teknologiara hurbiltzkeo helburua duen nazioarteko hezkuntza-programa da. Lehen saria lortzeak Estatu mailan lehiatzeko tokia eman die markina-xemeindarrei.
Berakruz Ikastolako ikasleak First Lego League lehaiketanBerakruz Ikastola Markina-Xemeingo Berakruz Ikastolako DBH4ko ikasleek lehen saria lortu zuten Arrasateko First Lego League lehiaketan joan den zapatuan [martxoak 1]. Arrasaten ospatutako lehiaketaz gain, Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere lehiatu ziren ehundaka ikasle Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mailan. Egindako lan bikainari esker, Burgosen ospatuko den Estatu mailako lehiaketan aritzeko tokia lortu dute markina-xemeindarrek.
Lanak ezin hobeto eginda eta lehen saria esku artean izanik, pozarren bueltatu dira ikasleak herrira. Ikastolan bueltan daude, eta proiektu irabazlearen nondik norakoak azaltzeko garaian murgilduta hasi dute astea: “Alde batetik, robot bat programatu genuen, lehiaketan bertan jarri zizkiguten erronka edo misioak beteko zituena. Bestalde, arkeologoei laguntzeko proeiktu berritzaile bat sortu genuen: Aztarnategietan aurkitutako aurkikuntzak ez apurtzea bermatzen duen kaja bat da, aurkikuntza horiek lurreko egoera berdinetan mantentzeko gai dena”. Bizkaiko irabazleak batu eta proiektuak azaltzeko jardunaldi bat antolatu dute astelehenerako [martxoak 9]. Ikasleek “ilusio handiz” hartu dute bateratze hau, harremanak estutzeko eta beste ikasle batzuengandik ikasteko aukera emango diena.

Ikasleek aurkeztutako proiektu irabazleaBerakruz Ikastola
Arkeologia gaiak hobeto ezagutu eta beharrezkoa den prestaketa izateko, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean aritu dira ikasleak: “Kurtso hasieran Aranzadi Zientzia Elkarteko instalazioetara irteera egin eta gure proeiktua aurkeztu genien. Gure ideia gustatu zitzaien eta erronka eta ideia berrian proposatu zizkiguten”. EHUk eta Lea Artibai Ikastetxeak ere formakuntzan parte hartu dute.
Lehiaketan “presio handia” sentitu bazuten ere, oroitzapen onak gordeko ditzute ikasleek: “Oso ondo pasatu genuen, errepikatzeko moduko esperientzia izan zen”. Izango dute, ba, berriro lehiatzeko aukera. Apirilaren 11n Burgosen dute lehiaketa, eta hori irabaziz gero, Estatu Batuetan erakutsi beharko dituzte orain arte agerian utzi dituzten gaitasunak.
Ondarroako, Gernika-Lumoko eta Bermeoko ikasleek ere parte-hartze “arrakastatsua” izan zutela adierazi dute. Ondarroako Zaldupe eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak bigarren aldiz parte hartu dute lehiaketan, eta aurreko urteko esperientziari esker, aurten segurtasun eta autonomia handiagoz jardun dutela azaldu dute: “Galderak finduago planteatu dituzte, informazioa sakonago aztertu eta euren proposamena argi eta konfiantzaz aurkeztu dute”. 5. mailakoena lehen aldia izan bada ere, lan txukuna eginda bueltatu dira Ondarroara: “Ikasleek robot bat diseinatu, eraiki eta programatu behar izan zuten. Horrez gain, urteko gaiari lotutako benetako arazo bati irtenbide berritzaile bat proposatu eta epaimahaikideen aurrean defendatu zuten”.
Gernika-Lumoko San Fidel Ikastolako ikasleen lana ere azpimarratzekoa izan da. Antolakuntzak egindako lan bikaina aintzat hartu eta ekintzailetzagatik, robotaren diseinuagatik eta robotaren portaeragatik ikasle gernika-lumotarren lana saritu zituen. Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxeko ikasleak ere bertan izan ziren, eta “robotika, sormena eta talde-lana” oinarri izanda, jardunaldi ahaztezina bezain aberasgarria izan zela adierazi dute.
Erronka berrien bila. First Lego League nazioartean martxan dagoen hezkuntza-programa bat da, esperientzia praktiko eta dibertigarrien bidez, 4 eta 16 urte bitarteko gazteak zientzia eta teknologiara hurbiltzkeo helburua duena. Urtero legez, ekimenak erronka bat proposatzen die gazteei, eta taldeak denboraldiko gaiarekin lotutako berrikuntza-proiektu bat garatuko du. Gai horretan murgildu eta proposatutako erronka gainditzeko, robot bat diseinatu behar izaten dute, eta epaimahaikideen aurrean aurkeztuko da ekitaldiaren egunean. Bide aberasgarri bat zabaltzen du sortze-prozesu horrek, izan ere, gai horri buruz ikertu beharko dute irtenbideak lortzeko eta irudikatzen duten robot eta proiektu berritzailea gorpuzteko.