Mikroipuin lehiaketa antolatu du Lekeitioko Andraetxeak
Edonork parte har dezake lehiaketan, eta zapatura arte [martxoak 7] dago zabalik ipuinak bidaltzeko epea.
«Eguneroko iraultza txikiak» izan da Andraetxeak aurtego mikroipuin lehiaketarako proposatutako gaia. Emakumeen Eguna hurbiltzen ari den honetan, «feminismoaren alde borrokatzeko, emakumeon ahalduntzerako eta ondo pasatzeko» helburuarekin antolatu du Andraetxeak ekimena, literatura, beste behin, iraultzarako tresna izan dadin. Andraetxeak adierazi duenez, «edonork» har dezake parte lehiaketan.
Herria epaimahaian. Herritar guztien eskura utziko ditu Andraetxaek mikroipuinak domekan. Irakurketa izango da, beraz, martxoaren 8an egitekoa askorentzat, izan ere, irakurleek mikroipuin gustokoenaren alde bozkatzeko aukera izango dute. Hori horrela, irakurleek aukeratuko dute ipuinik onena, eta irabazlea domeka iluntzean iragarriko du Andraetxeak. Ipuin irabazleak aitortza publikoa izatea da Andraetxearen helburua: «Lehiaketaren ostean, modu anonimoan, erakusketa baten bitartez plazaratuko da». Modu honetan, merezi duen ikusgarritasuna ematea da asmoa.
Liburuaren entrega Andraetxean bertan egin daiteke bihar [martxoak 5]. Bertaratzea posible ez bada, esteka honen bitartez bidali daiteke. Oinarriak eta arauak Andraetxearen webgunean daude ikusgai, eta zalantzarik izanez gero, andraetxea@gmail.com helbide elektronikora idazteko aukera dago.