Eskualdetik mundua aldatzeko: "Alternatiba gara, eta hori aldarrikatzera aterako gara"
Askotariko aldarriak plazaratu zituzten domekan eragile feministek “borroka transfeminista, antiarrazista eta antikapitalista” baten alde.
Beste mundu bat feminismotik lelopean mobilizatu ziren domekan Lea-Artibaiko kolektibo feministak. Ugariak izan dira asteburu guztian zehar eskualdean antolatutako ekintzak, eta udalek, eragile taldeek eta elkarteek kaleak hartu dituzte zapalkuntza orori aurre egiteko prest daudela erakusteko.
Ondarroan, herritarrek Etxelilatik hasi eta Alamedara arte zabaldu zuten aldarria domekan. Andrabanda lagun, ondarrutarrek herriko kaleak bete zituzten eguerdirako deitu zuten manifestazio jendetsuan, “borroka transfeminista, antiarrazista eta antikapitalista” baten alde.
Askotariko mugimenduen jardunak plazaratu zituzten, eta hauen artean, trans gorputzak ere mintzagai izan ziren Alamedan: “Sistemak jo puntuan dituen gorputzak gara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara”. “Borroka internazionalista” honetan eta arrazakeria gora egiten ari den garaian, feminista zuriei ere diskurtso arrazistak salatzeko eta hauen aurrean ardurak hartzeko deia egin zien. Honetaz gain, “zapalduak zapalduago” izatea ahalbideratzen duten sistema betikotzen dutenei, instituzioei, patronalei eta gizonei ere zuzendu ziren: “Hartu dagokizuen ardura”.
Artibai errekako uretan zeuden Andrak Erramutan taldeko arraunlariek manifestazioarekin bat egin zuten, eta herritarrek txalo zaparrada artean hartu zituzten. Hala, ondarrutarrek argi utzi zuten herriko emakumeak berdinatsunerako bidean ari direla arraunean.

Lekeitioko Mugimendu Feministak “patriarkatuaren aurrean” antolatzearen beharra aldarrikatu zuen. Gaur egungo “sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialistaren estrategia” seinalatu zuten, “noraeza, etsipena eta beldurra” sortzen duena eta “antolakuntzaz eta borrokaz” erantzun behar zaiona.
Etxebarrin “burujabetza feminista” izan zen elkarteratzearen aldarri negusia eta Markina-Xemeinen ere, antzeko ildotik egin duten bateratzea; emakume gazte zein helduek, “lurraldeen eta gorputzen gaineko kontrolaren hazkundea” salatu zuten arratsalderako deitu zuten manifestazio zaratatsuan. Ordena hau gaur egungo “sistema zapaltzailearen tresna” dela adierazi dute, “ideia erreakzionarioei” bidea zabaltzen diena.

Honen aurrean, “Euskal Herri feminista baterako bidean, zisheteropatriarkatuak, kolonialismoak eta kapitalismoak sostengatuteko egitura zaharrak desegin eta orainalditik eraikitzen diren sistema berrien alde borrokan” jarraituko dutela indarrez aldarrikatu zuten. Irakurketan aurtengo Martxoaren 8ko mezu nagusiari erreferentzia egin nahi izan die markina-xemeindarrek: “Feminismotik, beste mundu baten sinisten dugulako araututako ordenari antolakuntza feministaren bitartez erantuzten jarraituko dugu; ordena desobeditzen jarraituko dugu”.
“Matxismoaren zein faxismoaren aurka” mobilizatu zen Itaia Ondarroan. Hainbat gazte izan ziren emakume langileak askatzeko “proposamen iraultzaile” baten alde agertu zirenak, eta “emakume langileak askatzeko” borrokan lanean jarraitzearen aldarrikapena egin zutenak. Domekakoa, “borrokan lehen lerroan” daudela berresteko elkarteratzea izan zen antolakuntza sozialistarena.

Itaiaren mobilizazioa Ondarroako kaleetan.
Bestelako ekintzak ere ez ziren falta izan eskualdeko herrietan. Gizaburuagan eta Amoroton adin guztietako emakumeak mahai inguruetan batu ziren, harremanak estutzearekin batera, ahalduntzera bidean. Aulestin, Berriatuan, Ispasterren, Mendexan, Mutrikun, Munitibarren eta Ziortza-Bolibarren, herria apainketak, aldarriz betetako elkarteratzeak eta bazkariak egiteko batu ziren herrietako emakumeak.