Herri kirolen eskolen topaketa Markina-Xemeinera heldu da
Lokotx-batzean, txinga eramatean, soka tiran, zaku lasterketan eta ingude altxatzean arituko dira hainbat eskolatako gazteak.
Umeen arteko herri kirolen eskolen topaketa antolatu dute domekarako [martxoak 15] Markina-Xemeinen. Hainbat eskualde eta herritako eskolak herri kirolen inguruan batzen dituen ekimena da, gazteak modalitate honetara erakartzeko helburua duena.
Lokotx-batzean, txinga eramatean, soka tiran, zaku lasterketan eta ingude altxatzean arituko dira gazteak, eta adinaren arabera banatutako taldeak eratuko dituzte; 10 eta 13 urte bitarteko benjaminak eta alebinak. Ume bakoitzari beraien gaitasunetara egokitutako pisuak ezarriko zaizkie, eta txapelketa bezala aurkezten bada ere, herri kirolak sustatzea da ekimenaren helburu nagusia. Kirol praktikatik haratago doan esperientzia da, eta jolasen eta proba tradizionalen bitartez, talde lana landu eta herri kiroletara hurbiltzeko topaketa da.
Joan den otsailaren 1ean Gernika-Lumon egin zen inguruko eskolen topaketa. Oraingoan, domeka honetan [martxoak 15] Markina-Xemeinen batuko dira, eta Zeberion izango da hirugarrena, apirilaren 26an. Honen ostean, hiru topaketa hauetan aritu diren eskolen arteko bateratzea egingo da.