Zabalik dago Mendexako mendi martxarako izen-ematea
Ibilbide luzea eta laburra egiteko aukera egongo da, eta izena emateko epea martxoaren 24ra arte dago zabalik.
Mendexako eta eskualdeko mendigoizaleek hitzordua dute martxoaren 29rako. Tontorrak mendi martxa antolatu dute beste urte batez, eta luzera desberdineko bi ibilbide egiteko aukera egongo da. Honetarako, beharrezkoa izango da martxoaren 24a baino lehen izena ematea.
Ibilbide luzea 9:00etan irtengo da Mendexako plazatik. 16 kilometroko luzera izango du, eta 4 ordu inguruko iraupena aurreikusi dute antolatzaileek. 700 metroko desnibela duen ibilbidea izango da, Egitatik, Kurutzemenditik eta Okabijoko balsatik pasako dira herritarrak. Kaltzadeta basoa ikusi eta Errege bidea zeharkatuko dute, Likuerditik. Branduatik eta Pauatik pasatu ostean, berriro ere herriko plazara heltzeko. Laburra egin nahi duten ibiltariek, 10:00etan dute hitzordua plazan. 8,4 kilometroko ibilbidea 2 ordu ingurutan egingo dutela aurreikusi dute, eta Lurgorritik, Ardikeitik, Loikizko gurutzetik eta Zilueta errotatik pasako dira. Kaltzadeta basotik eta Abentura Parketik pasata, plazara egingo dute buelta.
Izena emateko. Martxoaren 24a baino lehen eman beharko da izena. Umeek 6 euro ordaindu beharko dituzte; helduek, aldiz, 10 euro. Aurrez aurre egiteko, interesdunak udaletxera bertaratu daitezke. Online egin nahi izanez gero, galdetegi hau bete eta ordainketa ziurtagiria bidali beharko da tontorrak.mendexa@gmail.com helbide elektronikora. Ordainketa ES09 2095 4408 5520 5000 1155 kontu korronte zenbakian egin beharko da.