Debabarrenako bertso talde onenaren txapela jokatuko da Mutrikuko Gaztetxean
Soraluzeko BertSora eta Eibarko Xarmaginak taldeak izango dira aurrez aurre arituko direnak, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren fasean lekua lortzeko.
Eskualdeetan bertso eskolen arteko saretzea helburu duen Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren Debabarrenako finala ospatuko dute zapatuan [martxoak 14]. Eskualdeko talde onenaren txapela jokoan dago orain, eta Sorluzeko BertSora taldea eta Xarmaginak eibartarrak izango dira finalean aurrez aurre arituko direnak. Mutrikuko gaztetxean elkartuko dira bertsolari zein ikusleak. Bertso saioaz gain, 18:30ean emango diote hasiera egitarauari trikipoteoagaz. Ostean, horrenbeste itxarondako finala 20:00etan jokatuko da.
Lehenengo kanporaketan, Mutrikuko Arnoate taldea Eibarko Xarmaginak taldearen aurka aritu zen, eta txapelketatik kanpo gelditu ziren mutrikuarrak. Bigarren kanporaketa ere ez zen mutrikuarren alde egon. Lehia parekatu baten ostean, Alkolea taldeko mutrikuarrak txapelketatik kanpo geratu ziren; finalerako bidean BertSora taldea izan zuen aurrez, eta euren gainetik nagusitu ziren. Pena handiz bada ere, Arnoate taldeko Xabi Astigarraga, Alexander Idoeta, Bihotz Basterretxea eta Antton Aizpuruak, eta Alkolea taldeko Iñigo Arrizabalaga, Peru Vidal eta Malen Aldalurrek ikusle lanak egingo dituzte txapelketan aurrerantzean, bertsolaritzaren bidez gipuzkoarrak saretzen jarraitzeko helburuarekin.
Bigarren fasera bidea. Zapatuko [martxoak 14] finalean eskuratuko du txapela Debabarrenako bertso talde onenak. Xarmaginak edo BertSora taldeak egingo du aurrera, eta Gipuzkoako gainerako eskualdeetako eskolen aurka lehiatuko dira txapelketaren bigarren fasean. Bigarren fase hau Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoako taldeen elkargune izango da. Lau saiok osatuko dute fasea, eta zortzi taldeetatik erdiek izango dute tokia finalaurrekoetan. Azken aurreko fase honetan bi saio jokatuko dira areto handiagoetan. Azkenean, Gipuzkoako talderik onena, maiatzaren 30ean Aian lehiatuko den final handian erabakiko da.