Emakume sortzaile eta ekintzaileen plaza bihurtuko da Lekeitio
Bederatzigarrenez izango da Lekeitio emakume sortzaile eta ekintzaileen topaleku, askotariko postuek osatuko duten azokaren baitan.
Lekeitioko Udalak eta Leartibai Fundazioak bederatzigarrenez antolatu dute Emakume Sortzaile eta Ekintzaileen Azoka. Emakumeek egiten duten lana ikusarazi eta «presentzia eta indarra» emateko helburuagaz, Lekeitio eta inguruko emakume sortzaileentzako espazio bihurtuko da Lekeitioko plaza domekan.
Urtez urte Emakumeen Nazioarteko egunaren harira antolatzen duten ekimena da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, 24 saltoki egongo dira domekan. Besteak beste, bitxiak, arropak, poltsak, osagarriak, gozoak, jostailuak, gaztak eta ogiak egongo dira eskuragarri. Gainera, ohikoa den bolilloen erakusketa ere egongo dela aurreratu dute, Kontziopean.
Udal ordezkariek azaldu dute euria eginez gero, plazan egin beharrean, elizapean egingo dute azoka. Gauzak horrela, bertaratzeko deia zabaldu dute, Lekeitio emakume sortzaile eta ekintzaileen lanaren erakuslehio bihurtuko delako.