Kontzertuak, etxekoari ikusgarritasuna emateko
Lekeition musika oso errotuta dago, eta horren adierazle dira herrian sorturiko talde desberdinak. Burrundada Elkarteak horiei ikusgarritasuna eman nahi die, eta horregatik, berritasunei jarraika, kontzertuak antolatu dituzte gaurko, Ikusgarrin.
Burrundada musika elkartea batik bat Lekeitioko rock taldeek osatzen dute, eta urtez urte maiatzean antolatzen dute euren egun propioa: Burrundada Eguna. Aurten, baina, berritasun modura, horren aurretik, giroa berotzeko kontzertu lasaiagoak antolatu dituzte. «Herriko taldeei eta etengabe egiten duten lanari ikusgarritasuna emateko ariketa bat da, ze, Lekeition kalitatezko musika ekoizten dela jakin badakigu», adierazi dute elkarteko kideek.
Nabil eta Eskafandra taldeak oholtzaratuko dira gaur Ikusgarrin; 19:00etan hasiko da lehenengo kontzertua. Eskafandrak disko berria aurkeztuko du; Nabil taldeak, ordea, abesti berri bat. Eta jendea horiengana hurbildu nahi dute, eta horiek egiten duten «ahalegina» erakutsi: «Gauza politak egiten dira hemen, Lekeition. Horren erakusleiho izan nahi dugu, Ikusgarri jendez bete, eta herriko taldeak babestu».
Lekeitioko Udalagaz ere oso eskertuta agertu dira elkarteko kideak, «etengabeko laguntza» eskaini dielako. Horren harira, gogoratu dute gaurko kontzertuetarako sarrerak doakoak izango direla, udalak berak emandako diru laguntza bati esker: «Oso ondo portatzen da udala beti gurekin. Eskatzen dugun gehiengoa onartzen digute udalean, eta elkartetik udalaren parteko esfortzu edota ahalegin handia ikusten dugu, herriko kultur taldeak babesteko».
Kontzertu lasaiak
Normalean rock musikaren aldeko apustua egiten du elkarteak, baina azaldu dutenez, oraingoan «musika lasaiagoaren» aldeko apustua egin dute, aretoaren «akustika ona» aprobetxatzeko. Izan ere, kontzertu akustikoak izango dira.
Gauzak horrela, Ikusgarri betetzeko nahia dutela argi plazaratu dute Burrundada Elkartekoek, eta hori lortzeko, herritarrak animatu dituzte Nabil eta Eskafandraren kontzertuetara hurbiltzera.