Landare autoktonoak babesteko herri-ekimena antolatu dute Baltzoiz basoan
Ziortza-Bolibarko eta Markina-Xemeingo Udalek martxoren 21erako antolatu dute ekintza. "Kontzientzia indartzea" helburu duen ekimenera bertaratu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute aurretik.
Zuhaitzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Ziortza-Bolibar eta Markin-Xemeingo Udalek ekimen bateratua antolatu dute. Bi udalek, Markinako Lagunkoia, eta Bolibarko Aranbaltz, Markola eta Kanpape elkarteak lagun, akazia landare inbasorea kentzeko tailer praktikoa antolatu dute. Martxoaren 21erako egin dute deialdia, bi herrien mugan dagoen Baltzoiz basoan. Ekimenaren helburua akazia landare inbasorea erretiratzearekin batera, sortzen duen kalteaz kontzientziatzea da, zonalde horretan Ziortza-Bolibarko Udalak 2023an landatutako haritzak eta astigar zuriak itotzen ari baita.
11.30ean batuko dira herritarrak gune horretan. Bertan, Lurgaia Fundazioko teknikari batek akazia hau nola kendu erakutsiko die herritarrei. Ziortza-Bolibarko Udalak adierazi duenez, negu amaiera “garai aproposa” da akazia kentzeko, beraz, landare inbasore honi buruz ikasteko eta hau kentzeko baliatuko dute ekimena. Ostean, 13:00ak aldera, Iruzubietako soziedadean jan-edana egongo da bertaratutako guztientzat.
Ekintza honekin ingurumena eta komunitatea zaintzeko urratsa eman nahi duela adierazi du Ziortza-Bolibarko Udalak: “Gure herrietan trantsizio ekosozialerantz pausoak eman nahi ditugu geure herrian. Pauso txikiak baina sendoak direla deritzogu”. Trantsizio honetan “basogintzak sekulako garrantzia” duela adierazi dute, eta ekimen hau basoak landare autoktonoekin berreskuratzeko lehena izango dela argitu dute. “Kontzientzia indartzea” da datozen ekimenen helburua, eta honetarako, landare autoktonoa hedatzearen garrantzia eta inbasoreek sortzen duten kaltea izango dute oinarri. Kasu honetan, akazia landare inbasorea izango da mintzagai: “Nahiz eta egurrerako edo taketak egiteko eta erabiltzen den, eta baserritarrek baliatzen duten; askotan nahi ez dugun lekuetan hedatzen da eta bertokoari konpetentzia egiten dio”. “Elkarlanaren garrantziaz” ere aritu dira udaletik, eta “herriko taldeekin ez ezik, beste intituzio batzuekin ere lan egin” nahi dutela argi adierazi dute. Kasu honetan, ekimena posible izan dadin, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ingurumen Saila bidelagun izan dute.
Udalak bere ekimen hauekin jarraitzeko asmoa adierazi du: “Oraingoan akazia landereekin izan bada ere, uda partera, beste landare inbasore batzuekin antzeko ekimenak egiteko asmoa daukagu. Palma landare inbasorearekin hain zuzen ere”.
Izen-ematea. Lurgaia Fundazioko teknikariak tresneria egokia ekarriko du lan hauek burutzeko eta herritarrak ere subjektu aktibo izan daitezen ekimenean. Beharrezkoa den material guztia ekarri ahal izateko, beharrezkoa izango da bertaratzea aurretiaz jainaraztea. Izen-ematea info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita egin daiteke, baita udaletara deitu eta antolatzaileei adierazita ere. Nahi duenarentzat, gunera taldean jaoteko aukera egongo da: Bolibartarrak 11:00etan irtengo dira Iruzubietako soziedade aurretik. Markina-xemeindarrak, aldiz, kiroldegi aurretik. Ziortza-Bolibarko Udalak oinetako eta jantzi egokiak ekartzea gomendatzen du, eta euria egingo balu, komeni da botak eta txamarra eramatea. Gainerako material guztia antolakuntzak utziko duela adierazi dute.
Herritarrei deia eta baso jabeei deia. Antolatzaileek Lea-Artibai eskualdeko herritar guztiei eta baso jabeei luzatu die ekimenean parte hartzeko deia. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak norbere partzeletako espezie inbasoreak kentzeko diru-laguntzak eskaintzen dituela esplikatu dute: “Dirulaguntza hau eskatzeko epea irekita dago apirilaren 24ra arte. Eskatu ostean, irailaren 30era arte dago norbere partzeleta landare edo zuhaitz hauek kentzeko tartea”. Diru-laguntza hauek baliatzeko deia egin die jabeei. Norberaren basoak osasuntsuago mantentzeaz gain, gainerako lurretara hedatzea saihesteko bidea delako: “Guztion artean komunitatea hobeto zainduta egongo da, eta gure lurrak erresilenteagoak izango dira”.
Hitzaldi informatiboa. Ziortza-Bolibarko Udalak Oizko Basoen Berreskurapenari buruzko hitzaldi informatiboa antolatu du martxoaren 20rako. 17:30etan batuko dira, eta Orland Isoird Berrizko alkateak bere herrian azken 20 urteetan egindako lanari eta baso planari buruzko berbaldia eskainiko du. Udalak, beraz, bertaratzeko deialdia zabaldu die eskualdeko herritarrei.