Grebaren lehen orduetan mobilizazioak eta etenak nonahi
Sindikatuen arabera, Greba Orokorra "jarraipen zabala" izaten ari da. Grebalariak goizeko 05:00etan hasi dira piketeekin, eta arratsaldean herriz herri egongo diren mobilizazioekin emango diote amaiera egunari.
LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek Greba Orokorra egitera deitu dituzte Euskal Herriko langileak, “1.500 euroko gutxieneko soldata duinaren alde”. Deialdiak erantzun “zabala” izan du Lea-Artibai eskualdean, non lehen ordutik nabarmena izan den lanuztearen eragina bai industrian, bai zerbitzuetan.
Goizeko 05:00etan abiatu dira lehen piketeak. Eskualdeko hainbat herritatik batu diren grebalariak Gardotzako industriagunera hurbildu dira lehenik, baina bertako lantegi gehienak itxita aurkitu dituzte. Horren ondorioz, Markina-Xemeinen elkartu dira, eta handik Etxebarriko industriaguneetara jo dute.Ā
Goizak aurrera egin ahala, mobilizazioek indarra hartu dute. Markina-Xemeinen, eskualdeko dozenaka lagun elkartu dira berriro eta herriko biribilgunea hartu dute, errepidea moztuz. Ekintza horrek trafikoan eragina izan du eta une batez zirkulazioa etenda egon da. Hala ere, segituan bertaratu da Ertzaintza eta bi grebalari identifikatu dituzte.

Ondoren, grebalariak beren herrietara itzuli dira, tokiko komertzioak eta ostalaritza itxita zeudela ziurtatzeko. Oro har, kale giroa “ohikoa baino lasaiagoa” izan da goizean, eta jarduera ekonomikoaren geldialdia “nabarmena” izan da eskualdeko hainbat txokotan.
LAB sindikatuak helarazitako goizeko datuen arabera, greba jarraipen “handia” izaten ari da Lea-Artibain. Markina-Xemeinen %90eko eragina izan du, Etxebarrin eta Aulestin %80koa, eta Ondarroan eta Lekeition ia erabatekoa izan da, hainbat tokitan jarduera guztiz geldituz. Gernika-Lumon %60 inguruko eragina izan da, eta Bermeon %70ekoa. Aulestin ere jarduera ia erabat eten da.
Enpresa eta lantoki askotan jarraipena “oso zabala” izan dela jakinarazi dute LABetik. Ortiz, Kaulabak, Kautobe edo Lekoizpe bezalako enpresetan %100eko jarraipena izan du grebak, eta beste askotan %70etik gorakoa. Kooperatiben kasuan ere, Cikautxo eta Kide bezalako enpresetan jarduera etenda egon da, aurretik egindako bozketen ondorioz.
Zerbitzu publikoetan ere eragina izan du grebak; hainbat udaletan %70 inguruko jarraipenarekin, nahiz eta kasu batzuetan jarraipena “txikiagoa” izan den. Orokorrean, goizeko lehen orduetan greba “eragin handia” izaten ari dela adierazi dute sindikatuek.Ā
Behin herriko piketeak eginda, 12:30ean hiriburuetan mobilizatuko dira langileak, eta arratsaldean, berriz, herriko manifestazioek hartuko dute protagonismoa, eta horiek emango dute gaurko greba egunaren azken argazkia.Ā

Ā
Arratsaldeko mobilizazioak.
Ā