Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik Ihart Arakistaini eta Maia Goikoetxeari 0 eta 2 irabazita lortu dute Euskotren Winter Seriesen finalerako sailkapena. Gizonezkoen lehian, Eñaut Urreisti eta Unai Lekerika ere set b iko aldearekin sailkatu dira finalerditik finalera, Jean Dominique Olharanen eta Jon 'Bullet' Zabalaren aurka.
Helena Barrenetxea durangarrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak Euskotren Winter Seriesen txapela berriro jantzi gura dute. Hurrengo astelehenean [martxoak 23], txapelketaren finala jokatuko dute Erika Mugartegi markina-xemeindarraren eta Frida Watkins zumaiarraren kontra. Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Maia Goikoetxea berriatuarraren kontra, Barrenetxea eta Lejardi nagusi izan ziren herenegungo[martxoak 16] finalaurrekoan, norgehiagokak ondo bereizturiko zati bi izanagatik ere. Lehen setean, Arakistainek eta Goikoetxeak markatu zuten partiduaren norazkoa; etxeko puntista jokotik ateratzea bilatu zuten biek ala biek. Lehen setaren bukaeratik partiduaren akabura, baina, pilota bizia ekuazioan sartu zen, eta testuinguru hark ederto ezkondu zuen Lejardiren eskumakadekin.
Lehen pilotakadetatik, Arakistain tantoa dominatzeko eta jokaldiak errematatzeko intentzio argiarekin kantxaratu zen. Material motela probestuz, bikoteak jokaldi gaitzak eroan zituen, batez ere, saihetsez jokatuz. Airez sartuta edota jokoa atzera bortizki kargatuta, bikote morea 8 eta 6 aurrea hartuta iritsi zen atsedenaldira. Lejardiri partiduaren pisu guztia hartu beharra eragin zioten, Barrenetxearen erremateak saihestuz. Material biziagoarekin, markina-xemeindarrak aldea apaldu zuen, eta hamarna berdintzera ere iritsi ziren. Lehen setaren azken txanpa Goikoetxearen hutsegite bik eta Lejardiren eskumaka batek gidatu zuten: behetik gora eginda, 13 eta 15 nagusitu ziren durangarra eta markina-xemeindarra.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Lehen setaren amaieran plazaratutako goranzko dinamikari eutsi zioten bigarrenaren hasieran ere. Hain zuzen, Lejardiren eskuma jokoan sartzeak partidutik atera zituen aurkariak. Lehen zortzi tantoetatik sei markina-xemeindarraren eskumak erein zituen; 1 eta 8ko markagailuarekin aurreratzera ailegatu ziren, seta hasi bezain pronto. Pilota motela atera zenean, arnasa hartu ahal izan zuten Arakistainek eta Goikoetxeak, baina, material motela tarteko, ezin izan zuten deus egin. Barrenetxea etxeko izarrak eta Lejardi protagonista nagusiak nahieran patrikaratu zuten bigarren seta: 6 eta 15.
Urreisti, nahieran.
Emakumezkoen lehiaren gidalerroa Lejardik ezarri baldin bazuen, gizonezkoenen Eñaut Urreisti izan zen jaun eta jabe. Gasteizko Araba Euskaraz txapelketako sentsazio baikorrekin heldu zion Durangoko lehiari mutrikuarrak. Gainera, atzealdeko koadroetan segurtasun itzelarekin babestu zuen Unai Lekerika gernika-lumotarrak. Jean Dominique Olharan pauetarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra gogotik saiatu ziren partiduari eta mailari eusten, baina ez zuten aukera handirik eduki.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Asko eta asko izan ziren Urreistik errematatu zituen jokaldiak. Olharanenak saskiratzeko eta kontraerasoan biribiltzeko gai ere izan zen aurrelari horia. Lehen setean 6 eta 15 nagusitu ziren Urreisti eta Lekerika, bigarrenean, ostera, 11 eta 15ekoa lortu zuten. Finalean eskarmentua eta gaztetasuna uztartuko dituen bikote lehiakorra edukiko dute aurrez aurre: Aritz Erkiaga ispastertarra eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarra. Ispasterko magoa, halaber, final bitan kantxaratuko da, hiru egunen buruan: barikuan [martxoak 20], Zabalarekin batera jokatuko du Gasteizko finala; Johan Sorozabal miarriztarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Argazkia: Eraman Jai Alai.