Baque-Movistarren monologoa, XLIV. Aitxekutz Sarian
Raul Lopezek inongo arerio barik poltsikoratu du XLIV. Aitxekutz Saria.
Argazkia: Yoseba Malaxetxebarria Elordi. Berriatuak erabateko txirrindularitza asteburua eduki du. Batetik, afizionatu mailako XLV. San Gregorio saria lehiatu zuten zapatu [martxoak 14] goizean, eta arratsaldean, berriz, XLIV. Aitxekutz Sariaren txanda izan zen. Gazte mailako 150 txirrindulari inguruz osatutako tropelak 82 kilometro gorabeheratsuri eta, batez ere, eguraldi petralari aurre egin behar izan zion. Bizkaia Koparako proba puntugarria izan zen Berriatukoa eta ziklisten mailak, horrenbestez, ez zuen inolaz ere hutsik egin. Azkenean, Baque-Movistar taldeak erabateko erakustaldia eman zuen, podiuma eta sailkapenaren lehen lau postuak bereganatuz.
Milloiko lehendabiziko pasaeran, mendiko sailkapenerako puntuagarria izan ez arren, hasi ziren estreinako erasoaldi serioak. Baqueko Raul Lopez izan zen bere kartak jokatzen lehena. Lopezek Lekoitz Ganera igoera, eguneko erabakigarrienetakoa, bakarrik hasi zuen. Hasi ez ezik, goranzkoan tropelari aurrea hartuta eusteko gai ere izan zen. Baqueko kideak indar erakustaldi ederra eman zuen bakarka, gainontzeko guztiak baino indartsuagoa dela frogatuz.

Argazkia: Yoseba Malaxetxebarria Elordi.
Lasterketa buruan bere bidea egin zuen hala Milloiko, nola Lekoitz Ganeko bigarren pasaeretan ere. Azken mendate hartan, tropelak eztanda egin zuen, eta hamaikatxo talde txikitan sakabanatu zen lasterketa. Baquek txirrindulari bi podium postuetan eta beren taldekidearen jazarpenean ipini zituen: Jordi White eta Manex Garate. Bien bitartean, Lopezen ekinak ez zuen etenik izan.
02.08.51n gelditu zuen erlojua, egundoko erakustaldia emanez, Lopezek. Bere taldekideek 02.09.34an biribildu zituzten lanak. Bigarren postuan Garate sailkatu zen, eta Whitek osatu zuen podiuma. Hori gutxi ez, eta atzeko taldearen esprintak ere Baqueren aldera jo zuen: Vicent Andres izan zen lehen tropeltxoko bizkorrena, 02.10.36ko denboragaz. Bai mendiko, bai tarteko helmugen sailkapenak ere poltsikoratu zituen lasterketaren irabazleak.