Lekeitio Lagunkoiak herritarrak deitu ditu pelikula proiekzioan bideoa grabatzeko
'Vuelta a casa de mi hija' filma eskainiko dute doan eta aretoa betetzeko deia egin dute ikusleen parte hartzearekin bideo bat grabatzeko.
Gaur [martxoak 18], Lekeitio Lagunkoiak antolatuta, Vuelta a casa de mi hija pelikula emango dute, eta oraingoan helburu berezi batekin dator ekimena. Taldearen bideo bat grabatzeko asmoz, saioan zehar ikusleen irudiak jasoko dituzte. Horregatik, antolatzaileek aretoa betetzeko deia egin dute, bertaratutakoen parte hartzea eta giroa bereziki garrantzitsutzat jotzen baitituzte.
Proiekzioa gaur izango da, 18:00etan, Lekeitioko kultur etxeko Azkue aretoan. Sarrera doakoa izango da eta herritar guztiei irekita egongo da.
Ikusgai izango den filma umorezko komedia arrakastatsua da. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, aktore berberek egindako aurreko lana, La vuelta a casa de mi madre, 2025ean eskaini zuten eta harrera bikaina izan zuen. 50 lagunetik gora bildu ziren, eta programatutako filmen artean ikusle gehien erakarri zituen saioa izan zen.
Filmaren istorioak Jacqueline ama du ardatz: etxeko obrak direla eta, alaba nagusiaren eta haren senarraren etxera joaten da bizitzera. Hasieran aldi baterako izango zena luzatuz doa, eta pixkanaka etxea bereganatzen hasten da, egoera umoretsuak sortuz.
Ekimenaren helburua bakardadearen aurka komunitatea aktibatzea da, eta aldi berean kulturaz giro atsegin eta parte hartzailean gozatzeko aukera eskaintzea.